Irantzu Uriarte Garapeneko Lankidetzako zinegotziak nabarmendu duenez, "Horregaz gure elkartasuna erakusten segituko dugu; 2016an, Udalak eman zuen diru-laguntza Jordaniako Zaatariko kanpamenduetako errefuxiatu siriarrentzako; eta ondoren babes-bila dabiltzan pertsonak udalerrian hartzen ibili gara. Gainera, Lankidetzako lantaldean aho batez erabakitako laguntza izan da aipatutakoa".
Siriaren krisia duela zazpi urte hasi zen eta epe horretan giza garapenerako adierazleek ia lau hamarkadako atzerapena izan dute, Getxoko Udalak gogorarazi duenez. Nazio Batuen datuen arabera, 13 milioi pertsonek laguntza humanitarioa behar dute eta horietatik 5,3 milioi adingabeak dira (19.000 adingabek desnutrizio larria jasaten dute). Gerrak gogor jo ditu oinarrizko zerbitzuak, gizarte zerbitzuak eta osasun-zerbitzuak. Egoera horretan, Unicefen egitasmoaren helburua da 10.905 pertsonari oinarrizko osasun-zerbitzuak ematea. Kopuru horretatik erdiak adingabeak izango dira, eta erdiak emakumeak. Hain zuzen ere, lehen mailako osasun-zentroei eta pertsonei lagunduko diete, mediku-horniduren, oinarrizko botiken eta klinika mugikorren bitartez.