Itsas ekintza Marefondum elkarteak antolatu du, eta Libera Proiektuan kokatzen da. Urpekari taldeak pertsona boluntarioen laguntza izango du lehorrean. Getxoko Udalaren eta beste eragileren laguntza ere badauka ekimenak.
Garbiketa-saioaren helburua da hiritarrak sentsibilizatzea, gizakion jarduerak kostaldean, ozeanoetan, aintzira eta ibaietan dituen ondorioen inguruan. "Itsaso eta ozeanoetara iristen diren hondakin solidoek kalte egiten diete urpeko ekosistemei eta urtero milioi bat hegazti bano gehiagoren eta ehun mila dortoka eta ugaztunen heriotza eragiten dute. III. Itsas Hondoen Garbiketa Handian, iragan urrian egin zena estatuko kostaldeko hogeita hamar bat tokitan, 20 tona hondakin atera ziren", antolatzaileek akordura ekarri dutenez.
Ekintza egiteaz gainera, ekologiagaz arduratsua izateagatik diploma-egiaztagiri bat emango diote antolatzaileek Getxoko Udalari, Itsas Zaindarien Sareagaz gogotsu jarduten baiti elkarlanean, "udalerriko hondartzak zabor barik edukitzeko ahaleginean".
Ekologia-ekintza horren gaineko argibide gehiago jaso guraz gero, marefondum@gmail.com posta elektronikora idatz daiteke.