Bekek honako gastuei aurre egitekoak dira: bidaia-gastuak, egonaldia eta mantenua. Beka horiek eskuratu ahal izateko baldintzak dira Getxo udalerrian bizitzea, igeri egiten jakitea eta ingeleseko oinarrizko maila izatea. Ekimena Erasmus+Sport programaren Olatuz Olatu (WoW, ingelesez) proiektuaren baitan dago; Getxoko Udalak parte hartzen du uretako kirolak sustatzeko Europako programa horretan.
Getxogaz batera, Olatuz Olatu lantaldea osatzen dute honako hiri hauek: Pesaro, Varna (Bulgaria), Nancy (Frantzia) eta Adel (Eslovenia). Iaz hasi ziren jarduerak egiten, eta programaren helburuak dira, besteak beste, uretako kirolak sustatzea eta tokiko komunitate nautikoa sortzea; azken horretan, ikastetxeak, kirol klubak eta itsasoagaz loturiko instituzioak sartzen dira. Iazko udan, Getxon egin zen aurreikusitako lehenengo campusa, eta, bertan, ekimenean esku hartzen duten herrietako 28 gaztek parte hartu zuten; horietatik 10 getxoztarrak ziren.
Beka lortzeko interesa duten pertsonek informazio gehiago eta hautagaitza aurkezteko inprimakia eska dezakete wowgetxo@gmail.com posta elektronikoan, ekainaren 29ra bitartean. Modu berean, ekainaren 25ean, astelehena, 19:30ean, familia interesatuentzako saioa egingo da informazioa emateko, Pakea Getxo Bela Eskolako pabiloian, kirol-portuan.