Mugak Zabalduz karabana Italiara abiatuko da, "politika xenofobo erailtzaileak eta elkartasunaren kriminalizazioa" salatzeko. Hirugarren urtez segidan, iberiar penintsulako 100 erakundek baino gehiagok bat egingo dute, datorren uztailaren 13tik 22ra, Europako mugetan giza eskubideak urratzen direla arbuiatzeko. Hala, Euskal Herritik eta Espainiako Estatuko zenbait lekutatik, Italiako hiru gunetara joango dira: Frantziarekiko mugara, Siziliara eta Calabriara. Inmigrazioaren aurkako gobernu-hitzarmena izango du jomuga ekimenak. Mugak Zabalduz karabanaren ustean, "Italia berria xenofobiako 'x'-z idazten da".
2016an, karabana Grezian izan zen, eta bertan EBren eta Turkiaren arteko "lotsaren ituna" salatu zuen, eta joan-etorri segurua zein harrera duina aldarrikatu zituen, Siriako gerratik ihesi zeudenentzat. 2017an, Melillan, Europara heldu bezain lasterreko itzulketak, kontzertinadun hesiak eta Atzerritarrak Barneratzeko Zentroak salatu zituen, bai eta joan-etorrian dauden emakumeek jasan beharreko indarkeria, mugen arteko langileen lan-esplotazioa eta Marokorekiko mugak azpikontratatzeko akordioak ere.