Algortako San Nikolas plazan egingo den jaia 18:30ean hasiko da, Puski eta Txurruski pailazoen emanaldiagaz eta dantza egiteko musikagaz. Ondoren, 19:30ean, munduko dantzen erakustaldia eta, ordubete beranduago, txokolatea eta munduko postreak dastatzeko aukera egongo da. Azkenik, 21:00etan, antzezpen txikia egingo dute suaren inguruan. Antolatzaileak hurrengo hauek dira: Bizarra Lepoanek, Egizuk, Itxartu dantza-taldeak, Gorrondatxe Kultur Elkarteak, Getxoko Etorkinak Plataforma Federazioak, Sikap mujeres tejiendo red, Fraternidad San Jorge eta Pagkakaisa elkarteek antolatuta, Getxoko Udalaren laguntzagaz.
Gainera, San Juan gaua Malakaten ospatuko dute Itxas Argia elkartearen eskutik, eta Zubiletan ere, jai egitarauaren barruan.
Segurtasuna, prebentzioa eta garbiketa
Bestalde, zapatu arratsaldean eta gauean, Udaltzaingoak baimenik gabeko suteak ez egotea zelatatuko du eta suteen erretzea zainduko du, istripuak ekiditeko. Gainera, Udaltzaingoak, Ertzaintzaren laguntzagaz, prebentzio zerbitzua jarriko du abian hondartzetatik gertuen dauden lekuetan, gerta daitezkeen istiluak eta herritarrentzako arazoak ekiditeko. Beste behin ere, Udalak gogoratu du egokia dela hondartzara balioko ezer edota sakelako telefonorik ez eramatea; eta eramatekotan, banakako segurtasun neurri pasiboak areagotu behar direla, eramandako gauzak uneoro kontrolpean edukitzeko.
Era berean, udaltzainek lan egingo dute adingabeek alkohola ez edateko eta eraso sexistarik gabeko jaia gozatu ahal izateko ere.
Ohi bezala, Udalak aparteko garbiketa-zerbitzua jarriko du abian, hondartzak eta ospakizunen inguruko kaleak garbitzeko.