Zarama gaika biltzeari buruzko kontzientziazio-kanpaina abiatuko du Getxoko Udalak

Iker Rincon Moreno 2018ko eka. 21a, 14:30
Edukiontzi bakoitzean zer hondakin mota bota behar den erakutsiko dute, besteak beste.

Gehiago eta hobeto birziklatzeko asmoz, eta 2022. urtean gaikako bilketa eta bereizketan % 50eko bilketara iristeko erronkara hurbiltzeko helburuagaz, hondakinen gaikako bilketari buruzko kontzientziazio-kanpaina bat hasi du Getxoko Udalak, Ecovidrio eta Ecoembes taldeakaz elkarlanean. Herritarrei eta ostalaritza-establezimenduei zuzenduta dago hori.

Kanpaina horren harira, udalerriko auzokideek liburuxka txiki bana eskuratuko dute laster. Horretan, modu grafikoan eta erraz kontsultatzeko moduan, edukiontziaren kolorearen arabera zein hondakin bota behar den azaltzen da. "Oraingo honetan, bereziki azpimarratu da plastikozko ontziak, latak eta brikak biltzeko den edukiontzi horia, bera baita arazo gehien sortzen duena sailkapen-plantan, berari ez dagozkion hondakinak edukitzen dituelako", arduradunek azaldu dutenez.

Gainera, 450 binilo jarriko dira edukiontzi horien estalkietan, adierazteko zein hondakin sartu ahal diren horietan, eta batez ere sartu ezin diren gauzak azpimarratzeko. Haien erabilera egokia eta herritarren kontzientziazioa azpimarratzeko, informazio-gune ibiltari bat prestatuko da baita ere, udalerriko zazpi gunetan zehar igaroko dena, Ecoembes ekonomia zirkularra ontzien birziklatzailearen bitartez sustatzen duen irabazteko asmorik gabeko inguruneko erakundearen eskumenez. Edukiontzi horian sartu behar diren hondakinak erakutsiko ditu, eta birziklatzeari buruzko joko bi egingo ditu: haietako batek euskal produktuen otzara bateko saria edukiko du irabazlearentzat.

Ostalaritza-sektorean, bestetik, komunikazio kanpaina pertsonalizatua egingo da, hondakinen bereizketan modu arduratsu eta egokian parte hartzera animatzeko. "Herritarren parte hartzea ezinbestekoa eta beharrezkoa baldin bada birziklatzean eta gaikako bereizketan ditugun helburuetan aurrera egiteko, ostalaritza funtsezko sektore estrategikoa da.  Esate baterako, erabilera bakarreko beirazko ontzien % 48a kontsumitzen du. Kanpaina honetan, Ecovidrio eta Ecoembes-en parte hartzea lortu duena, udalaren eta ostalaritzaren erantzukizun partekatua aipatzen dugu, urratsak emateko eta udalerri jasangarriagoa lortzeko. Sektore honetan 2006. urtetik aurrera ari gara lanean. Helburu honekin konpromisoa daukaten komertzioak zoriontzen ditugu, eta oraindik ere birziklatzearen ohitura bereganatu ez dutenak birziklatzen hastera animatzen ditugu, onura handiak dakartzalako ingurumenarentzat, hondakin solidoen isurketan kudeaketa egokiarekin batera", gogorarazi du Joseba Arregi Hirigintzako zinegotziak.

Ingurumen-hezitzaile espezializatu batek udalerriko establezimendu denak bisitatuko ditu (360 inguru), beiraren, ontzien eta hondakin organikoen birziklatze katean parte hartzeak duen garrantzia gogorarazteko, horrek ingurumenarentzat dakartzan onurak azaltzeko, eta iglu berdean zer sartu behar den argitzeko. "Kanpaina horretan, ostalaritzako establezimenduak ontzien gaikako bilketaren erronkan sartu nahi ditugu. Hartara, ontzietarako edota beirarako tamaina ezberdinetako kuboak eskainiko zaizkie ontziak edota beirazko hondakinak inguruko edukiontzi batera eramateko kuborik ez daukaten taberna, jatetxe eta abarrei", iragarri dutenez.

Igeretxeko esperientzia pilotua

Beste alde batetik, Udalak esperientzia pilotu bat hasiko du Igeretxe jatetxean, Ereagan. Bertan, prestakuntza emango zaie barrako, jantokiko eta sukaldeko langileei, hondakin-mota guztiak behar bezala bereizita bota ditzaten. Modu berean, establezimenduagaz hondakin-bilketak koordinatuko ditu. Esperientzia hori positiboa bada, udal-zerbitzuaren asmoa da beste taberna eta jatetxe batzuetara zabaltzea. Horrela, hondakinen birziklatze eta bereizketa ratioak nabarmen hobetuko dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun