Getxoko HAPOa osatzeko prozesu parte-hartzailea prestatu du Udalak

Iker Rincon Moreno 2018ko eka. 22a, 13:20

2001ko HAPOaren mapa, artxiboko irudian. © GETXOKO UDALA

Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPOaren) berrikuspen lanen barruan, herritarrek planaren aurrerapenean parte hartzeko fasea irekiko du ekainaren 27an Getxoko Udalak. Erakusketa, informazio-hitzaldi eta parte-hartze saio ugari egingo dira, urrira bitartean.

Parte-hartze presentzialaz gainera, webgune bat erabilgarri egongo da, eta digitalki uztailaren 1etik aurrera parte hartu ahalko da. "HAPOaren berrikuspenari ekingo diogu berriz, aurrerapenaren erakusketaren fasearekin. Bertan, Lantaldearen (herritarren partaidetza taldea) eta idazketa-taldearen alternatiba eta proposamenak jasotzen dira. Eta hori egiteko, prozesu berri bat bultzatzen dugu; bertan, herritar guztiei eta interes-taldeei irekitako parte hartzea gakoetako bat da Plan Orokor berria idazteko irizpide eta helburuak zehazteko orduan. Plan horrek ahalbideratu behar du etorkizunerako gura dugun Getxo", azaldu du Joseba Arregi Hirigintza, Azpiegitura eta Etxebizitza Arloko zinegotziak. Modu berean, gogora ekarri du garrantzi handia duela herritarren parte hartzeak; izan ere,"gure udalerria datozen belaunaldietan zer izatea gura dugun dago jokoan".

HAPOa udalerri bateko lurraldearen antolaketa integralaren tresna oinarrizkoena eta garrantzitsuena da. Batik bat, udalerriko eremu fisikoan zer, non, zenbat eta nola egin daitekeen arautzen du. Indarrean dagoen HAPOa 2001ekoa da eta hura berrikustea nahitaezkoa da. Prozesu luzea da, hainbat fasegaz, harik eta behin betiko onetsi arte. Udalak azaldu duenaren arabera, 2013 eta 2015. urteen artean lehenbiziko parte hartze prozesua egin zen; zenbait alternatiba proposatu ziren horretan, aurrerapenaren agiri teknikoan jaso zirenak.

Udalerri eredu berria

HAPO berriak, "eredu trinkoaren aldeko apustua egiten du, hiri-lurzorua sustatzen duena, lurzoruaren erabilerak modu arrazional eta jasangarrian txertatzen dituena, gizarte-kohesioa mesedetzen duena, eta gure herritarren etxebizitza eta enplegu premiak konpontzen dituena, batik bat belaunaldi gazteenenak. Getxok etorkizun oparoa dauka, baldin eta gure herritarrei etxebizitzaren eta enpleguaren alorretan aukerak ematen asmatzen badugu. Eta horretan sinesten dugu, metropolian daukagun kokalekuagatik, gure ingurune naturalagatik, gure azpiegiturengatik (batik bat mugikortasunarenak), gure ondare eraikiarengatik, eta gure ekintzailetza-mailarengatik", azpimarratu du Hirigintzako zinegotziak.

Planaren aurrerapenaren alternatiba denek proposatzen dute hiri-lurzorua osatzea (bai etxebizitza-erabilerarekin, espazio libreko erabilerarekin edota ekipamenduekin, alternatiben arabera), eta orain urbanizagarria den lurzoruaren zati esanguratsu bati sailkapena kentzea. Eraldatu ez den lurzoruaren okupazio txikiagoa bilatzen da, erabilerak nahastuz. Hau da, eredu trinko eta iraunkorra, Hirigintzako zinegotziaren arabera.

Erakusketak, hitzaldiak eta parte-hartzea

Hiru erakusketa antolatu dira, Romo Kultur Etxean, Villamonteko kultur etxean eta Andra Mariko kiroldegian aldi berean egingo direnak, ekainaren 27tik urriaren 15era. Modu berean, uztailaren 4an, RKEan informazio-hitzaldi bat egingo da; uztailaren 11n, Andra Mariko kiroldegian, eta irailaren 6an, Villamonten. Hitzaldiotan, interesa daukaten pertsona denek aurretiko hitzorduak egin ahal izango dituzte informazioa handitzeko edo kontu teknikoak argitzeko, ezarritako epean, ekainaren 27tik urriaren 15era.

Modu berean, irailean zehar parte hartze saioak egingo dira. Azkenik, www.hapo-getxo.eus webgunea dago eta bertan daude informazio-agiri eskuragarri guztiak. Webgune horren bidez, online bidez parte hartu ahal izango da, uztailaren 1etik urriaren 15era arte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun