"Giza liburutegiak": Errefuxiatuen errealitatea eurakaz aurrez aurre "irakurtzeko" ekimena

Iker Rincon Moreno 2018ko eka. 22a, 18:47

Migratutako pertsonen historia euren ahotik jasotzean datza "Giza liburutegiak" ekimenaren muina. @ SAVE THE CHILDREN

Save the Children GKEak antolatutako "Giza liburutegiak" ekimena Areetako geltokiko plazan egongo da aste-akabuan (ekainak 23 eta 24). Migratutako eta errefuxiatutako umeen egoeraz hausnarraraztea da helburua.

"Gaur egun gero eta pertsona gehiago mugitzen dira leku batetik bestera mugak zeharkatuz, eta horien artean izugarri handitu da adinez beherakoen kopurua. Milioika aldatzen dira bizilekuz, askotan gerrak, pobreziak edota hondamendi naturalek bultzatuta". Hala dio Save the Children taldeko Euskadiko zuzendariak, Eva Silvánek. Haren berbetan, migrazio horien zergatik ondo ezagutzeak aukera ematen digu aurreiritziak gainditu eta dibertsitatearekiko errespetuz jokatzeko.

Ildo horretatik abiatuta, "Giza liburutegiak" kanpaina ipini du martxan Save the Childrenek, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak finantzatuta. Ideia sinplea da: liburuen ordez, pertsonak irakurtzea. Modu horretan, migratutakoek euren bizipenen berri emango diete bertokoei. Gehienetan, gaur egun helduak diren baina gurera umeak zirela ailegatu ziren hainbat pertsonak jokatuko dute "liburuaren" rola; kasu batzuetan, euskal jatorria daukaten baina inoiz migratu behar izan dutenek kontatuko dute euren esperientzia.

Bilbo, Agurain, Araia, Eibar eta Irunen egon ostean, Getxora ailegatu da Giza Liburutegia. Areetako geltokiko plazan kokatuko dute "liburutegia" zapatu eta domekan, eguerdiko 12:00etatik 14:30era eta arrastiko 18:00etatik 20:30era.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun