Algortako Biotz Alai Plazan, gaueko 22:15ean egingo dira gaueroko saio nagusiak, ordainpekoak; horietan jardungo dute aipatutakoek. Charenée Wade estatubatuar kantaria izango da lehenengoa, uztailaren 4an; hurrengo egunean Kenny Garrett saxofoi-jotzaile bikainaren txanda izango da; uztailaren 6an Billy Hart bateria-jotzaileak eskainiko du emanaldia, Joshua Redman saxofoi-jotzailearen laguntzagaz; jaialdiko laugarren gauean, berriz, flamenko-jazzak hartuko du protagonismoa, Chano Domínguez piano-jotzailearen eskutik; eta jazzaldia amaitzeko, Michel Camilok (pianoa) eta Tomatitok (Gitarra) osatuko bikoteak emango du kontzertua.
Biotz Alai plazan ere, baina 21:00etan, Jazzaldiko Talde Lehiaketan parte hartuko dutenak ikusi eta entzuteko aukera egongo da. Jazzean dabiltzan talde gazteez gozatu ahal izango da hor, baita Hirugarren Milurtekoa atalean ere, egunero Algortako geltokiko plazan, 19:00etan.
Esandakoez gainera, umeentzako emanaldia egingo da uztailaren 7an, geltokiko plazan, 13:00etan, eta uztailaren 5, 6 eta 7an, gaueko 00:00etatik aurrera, "jam session"-a egongo da Piper´s tabernan, Miguel Salvador Quartet-en eskutik. Getxoko Udaleko musika-eskolan dabiltzan sei ikaslek osatu dute taldea, eta jazzaldian egingo dute debuta.