Hondarribitik abiatuko da ibilbidea, eta hain zuzen ere Getxoraino ailegatuko da lehenengo etapa, 59 itsas miliakoa. Guztira hamaika etapa edukiko du Sail the Way itsasoko erromesaldiak, Galiziako Muros herriko porturaino (Santiagotik 75 kilometro ingurura). Ibilbidea burutzeko hamar kilometroko bidea egingo da oinez, Monte do Gozo delakotik Santiago katedralera, uztailaren 29an.
Erromesaldia egin izana aitortzen duen ziurtagiria eskuratzeko beharrezkoa izango da gutxienez 100 itsas milia eta oinezko azken zatia egitea. Izan ere, urteko edozein sasoitan egin daiteke bidea itsasoz, eta diploma eskura daiteke aipatutako baldintzak beteta. Izen-ematea www.sailtheway.es webgunean egin daiteke, eta ziurtagiria ibilbideko edozein geldiunetan zigilatu daiteke, Getxo barne.
Espero da 200 lagun inguruk parte hartzea ekimenean, asko jota 30 ontzitan, horixe baita onartutako gehienezko kopurua. Bidean zehar, kultur jarduerak eta bisita gidatuak uztartuko dira nabigazioagaz.