Talde ekologistaren berbetan, plastiko-kopuru izugarria pilatzen da urtero Bizkaiko kostaldean. Txostenean irakur daitekeenez, Foru Aldundiak hondartza-garbiketari eskaintzen dion aurrekontua (2,2 milioi euro, 2017an) ez da nahikoa hareatzak garbi eta egoera ekologiko onean mantentzeko.
"Bizkaiko edozein labar edo hondartzatara joatea nahikoa da garbiketa oso azalekoa dela ohartzeko, bazterreko edo ez hain bazterreko guneetan zarama eta plastikoa pilatzen dira eta", dio Ekologistak Martxanek. Esandakoaren erakusgarri, Getxon hartutako argazki bi ageri dira txostenean: bata, Galea muturreko amildegiaren beheko aldekoa; bestea, Gorrondatxe hondartzakoa.
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak legedia aldatu eta, Europar Batasunak proposatutako bidetik, plastikoaren erabilerari mugak ipin diezazkiotela eskatu dute ekologistek.