1999tik antolatzen du Algortako Bertso Eskolak Bertso Jaialdi Mundiala, beti ere "zerbait desberdin" egiteko asmoagaz. Oraingo honetan, Paia eta Uriaz gainera, Andoni Egaña, Unai Iturriaga eta Jon Maia izango dira parte-hartzaileak; Maddalen Arzallus ere bazen parte hartzekoa, baina ALBEk jakinarazi duenez ezin izango da hurreratu, bere ordez Alaia Martinek abestuko du. Ohi denez, gai baten inguruan garatuko da saioa, baina antolatzaileek ez dute azken momentura arte jakinaraziko zein den. 21:00etan hasiko da emanaldia.
Aurreko urteetan bezala, berariazko gai-jartzaile talde batek prestatuko du saioa, atrezzo berezia barne, eta entzuleek parte-hartze aktiboa edukiko dute, teknologia berrien laguntzagaz besteak beste.