Garteizaurrekoak 2014tik zebilen YDEko presidenteorde-arduran. 2015ean, ostera, Getxoko EAJren zerrendan aurkeztu zen udal-hauteskundeetara, 18. postuan. Getxon ere, erabakitze-eskubidearen alde agertu da hainbatetan, tartean Getxoko Akordioaren Plaza ekimenean. Arlo publikoko aholkularia da eta auditoria-enpresa ezagun batean egiten du lan. Garteizaurrekoa Zuzenbidean lizentziatua da eta arlo Juridiko-Ekonomikoan espezializatu zen Deustuko Unibertsitatean. Halaber, master bi ditu, bata Aholkularitza Fiskalean eta bestea Finantza Zuzendaritzan. Euskalduna da eta gaztelaniaz eta ingelesez ere badaki.
Garteizaurrekoak presidenteordetzan utzitako hutsunea Asier Areitio Ibarlucea Euzko Gaztediko kideak beteko du. Batak zein besteak Areitiok "oso garrantzitsu" jo dute EGI egotea erakunde demokrataren zuzendaritzan: "Euzko Gaztedi YDE alderdiaren fundatzailea den arren, orain arte ez gara sekula ere presidentetzan egon. Europan EAJren gazte ordezkari garen aldetik, izendapen hau oso garrantzitsua da EGI erakundearentzat, alderdiak eta bere planteamenduak Europar Batasunean eta Parlamentuan ikusgarriago egiten lagunduko digulako". Modu berean, uste dute "abiapuntu bikaina" izan daitekeela harreman hobeak sortu ahal izateko eta orain artekoak hobetzeko eta Europako beste alderdi eta ordezkariekiko sinergiak indartzeko, "bereziki datorren maiatzean egingo ditugun Europako hauteskundeei begira”, azaldu dutenez.
EAJren ustean, izendapen horiek indartuko dute "EAJren bokazio europazalea".