Neguri Langileko jai-batzorde ohia: "Jaiak oinarrizkoak izan dira auzoaren elkarbizitzan"

Iker Rincon Moreno 2018ko uzt. 9a, 11:18

Azken hogei urteetako festen balorazio oso ona egin dute jai-batzordeko kide izandakoek, eta iragarri dute prest egongo liratekeela laguntzeko eta jaiak berreskuratzeko, oinordeko berriak egongo balira.

Eskualdean oso ezagunak diren jai nagusiez gainera, auzoko festak ere baditu Getxo udalerriak. Ostera, aurten, bat gutxiago izango du: Neguri Langileko jaiak bertan behera gelditu dira. Uztailaren lehenengo aste-akabuan antolatzen ziren festa horiek, baina, antolakuntza-arazoak direla eta, aurrerantzean jairik ez dela egongo jakinarazi dute jai-batzordeko kide ohiek: "Jaiak antolatzea ez da aste-akabu bateko lana bakarrik, hilabete luzez lanean dihardugu; zoritxarrez, orain, ez gara kide nahikorik hori dena egiteko eta ezinezkoa da antolaketa-lanak behar duen konpromisoa gure gain hartzea".

Azkenengo 20 urteotako jaiak oso ontzat jo dituzte antolatzaile izandakoek, "auzokoakaz egoteko eta auzoko elkarbizitzaren oinarri izan dira».  Akorduan dutenez, adin desberdinetako pertsonak elkarregaz egoteko eta elkar ezagutzeko aukera eskaini izan diete jaiek: «elkarren alboan bizi izan ditugun uneak ahaztezinak izan dira".

Hasierako jai haiek eta azken urteotakoak alderatuz gero, etengabeko aldaketak izan dituztela jakinarazi dute jai-batzordeko kide ohiek: "hasieran, kontzertuak zeuden, gaueko jaiak izaten ziren; auzokide askoren kexak entzuten ziren... Hausnarketa egin eta jaien nolakotasuna aldatzea erabaki genuen". Aurton auzoan elkartzeko halakorik aukeran egongo ez bada ere, espero dute lekukoaren eramaile gehiago laster topatzea, jai-batzorde berria osatzeko: "halakorik gertatuko balitz, jaiak berreskuratuko lirateke. Orain arte lanean ibilitakook laguntzeko prest gaude; baina, ardura hori lagun gehiagok hartu behar dute. Itxaropena ez dugu galduko!".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun