Urtero legez, aurton ere milaka lagun batuko dira Getxoko Aixerrotako landetan, algortarrentzako eta kanpotar askorentzako garrantzi handiko jai-eguna denaz gozatzeko asmoz. Uztailaren 22an, domekan, egingo dute Getxoko Nazioarteko Paella Lehiaketa; aurtengoa 63. edizioa izango da, eta, betiko legez, Algortako gazteek eta ez hain gazteek ilusio handiz hartuko dute egun osoko ekitaldi ospetsu hori. Batzuk zain daude Itxas Argia elkarteak lehiaketa-egunean erabiltzeko banatuko dituen olanak edo toldoak hartzeko. Jai-eremutik kanpo egongo direnak, ostera, euren txokoak atontzeko azken lanak egiten dihardute. Hala ere, denek kontuan hartu beharko dute segurtasun-arauak aldatu egin direla, iaz jazotako istripua dela eta.
Joan den urteko paella-egunean, eztanda batek erredura latzak eragin zizkien bost emakumeri: horien arteko bat larri zauritu zen, gorputzaren %60 erre zuen 46 urteko andreak; eta beste hiru ere Gurutzetako Ospitaleko Erredura Handien Unitatera eroan behar izan zituzten. Egonkor zeuden emakumeen kasuan, gorputzaren %20, %18 eta %12 erreta zeukaten. Bosgarren zauritua, Gurutzetako ospitalera eroan bazuten ere, laster alta eman zioten. Dirudienez, litekeena da paella-lehiaketan parte hartzeko asmoz isiotutako sutara norbaitek kerosenoa bota izanak eragitea istripua; horrek sugar handia sortu zuen eta inguruan zeuden hainbat lagun zauritu zituen. Larrialdi zerbitzuen arabera, istripua 19:00ak aldera jazo zen.
Ohar oso garrantzitsua
Hori guztia dela eta, Aixerrotako Paella Txapelketa antolatzen duen Itxas Argia elkarteak ondoko ohar hau plazaratu du: segurtasun-arauetako aldaketen ondorioz, olanak jasoko direnean, toldo bakoitzeko pertsona batek zinpeko aitorpena izenpetu beharko du, NANa aurkeztuz. Halaber, segurtasun-arauak Itxas Argiaren webgunean kontsultatu ahal izango dira. Nabarmendu dutenez, "derrigorrezkoa izango da segurtasun-araudia betetzea markatutako eremu ofizialean".
Hala, betiko olana daukatenek uztailaren 9an eta 10ean hartu beharko dute, iazko toldoaren zenbakia daukan papera erakutsiz; Itxas Argia elkarteko egoitzara joan beharko dute, 19:00etatik 21:00etara. Ostera, olanik ez daukatenek eta zozketan parte hartu gura dutenek uztailaren 12an zenbakia har dezakete, 19:00etatik 21:00etara bitartean. Egun berean egingo dute zozketa, 21:00etan. Salneurriei dagokienez, toldo erdia 45 euroan egongo da; toldo osoa, 90 euroan. Aurretik 25 euro eman beharko dituzte toldoa gura dutenek. Azkenik, olanak uztailaren 24an itzuli beharko dituzte, 19:00etatik 21:00etara artean.
Modu berean, parte-hartzaileek Paella Egunerako izotz-poltsak gordetzea eskatu ahal izango dute, uztailaren 9an, 10ean eta 12an, Itxas Argiaren egoitzara hurreratuz. Paella-lehiaketan izena ematea, berriz, 15 euroan egongo da; diru horren truke, arroza eta sutarako egurra jasoko dute partaideek. Bestalde, muntaketa-lanak uztailaren 7ko eta 14ko aste-akabuetan egingo dituzte, Aixerrotan; laguntzera ere joan daiteke, 08:00etan Itxas Argiara hurreratuz gero.
Egitaraua:
Uztailak 22, domeka
- 08:00-09:00 Ibilgailuak sartzea baimenduta egongo da, parte-hartzaileek eguna igarotzeko behar duten material dena euren kokalekura hurbil dezaten. 09:30etik aurrera ibilgailurik ezin izango da egon Aixerrotan.
- 10:00 Lehiaketan izena ematea.
- 12:00 Txalaparta, UKTEST taldea.
- 12:05 Aurreskua.
- 12:10 Dantza-emanaldia, Itxas Argia dantza-taldearen umeena.
- 13:30-14:30 Paellen aurkezpena.
- 17:30 Sarien banaketa.
- 18:30 Dantzaldia, Oxabi taldeagaz.
Oharra:
Segurtasun-arauetako aldaketen ondorioz, Aixerrotako Paella Txapelketa antolatzen duen Itxas Argia elkarteak jakinarazi du zinpeko aitorpena sinatu beharko duela olan bakoitzeko pertsona batek, NAN erakutsiz, olanak eskuratzean, uztailaren 9an eta 10ean. Segurtasun-arauak Itxas Argiaren webgunean ikus daitezke.