Udako jaiak 2018

Areetarrak ere ospakizunez gozatzeko gogoz eta prest daude

Iker Rincon Moreno 2018ko uzt. 19a, 12:00

Areetako Santa Ana auzoan ere dena prest izango dute honezkero, bertoko jaiak uztailaren 20tik 22ra arte izango dira eta. Bertoko jai-batzordeak adin eta gustu guztiei begirako ekitaldiak antolatu ditu.

Areetako Santa Ana auzoa festaz jantziko da uztailaren 20tik 22ra bitartean. Hala, egun horietan, bertako denentzako hamaika ekitaldi egongo da, umeentzat, gazteentzat zein helduentzat. Areetako Santa jaiak barikuan hasiko dira, uztailaren 20an; 19:00etan izango da txupinazoa, hala ere, hori baino lehenago, inguruko neska-mutilak 17:00etan hasiko den Txikigunean jolastu ahal izango dira; hori aukeran izango dute egun guztietan, zapatuan eta domekan, 11:30ean. Barikuko ekitaldiei jarraituz, suziria amatatu bezain pronto, buruhandiak kalerik kale ibiliko dira, han eta hemen harrapatuko dituztenak astintzeko asmoz. Iluntzeko 08:30ean sardina-janaz tripak ase ahal izango dira; eta, gero, Cosméticos eta HDH taldeen doinuak entzungo dira, Santa Ana enparantzan.

Ohiko ekitaldiak

Hurrengo egunean, zapatuan, berbarako Magic karta-jokoan lehiatzeko aukera egongo 10:00etan, eta, ondoren, euskal dantzen erakustaldia egingo du Berantzagi taldeak, 13:00etan. Ordubete beranduago, tortilla-txapelketa egingo dute. Bestalde, arrastian, Areetako Santa Ana auzoko jaietan ezinbesteko hitzordu bihurtu diren lehiaketa bitan parte hartzea aukeran egongo da: igel-toka eta txapel-jaurtiketa lehiaketetan, hain zuzen ere. Bitartean, magia-erakustaldiaz gozatu ahal izango dute txikiek, 19:00etan. Gaua heltzean, Tierra Kritikal eta Calero LCN abeslariek rap-saioak eskainiko dituzte; aurretik, saiheski-janaz indarra hartzeko aukera egongo da. Azkenik, domekan, hiruko futbolean lehiatuko dira hainbat eta hainbat, 11:00etatik aurrera; ostean, paellarik onena aukeratzeko lehiaketa egingo dute. Horrez gainera, ur-guda eta bits-festa egongo dira. Jaiak amaitzeko, sari-banaketa, karaokea eta zinema-emanaldia egingo dituzte.

Egitaraua:

Uztailak 20, barikua

  • 17:00 Txikigunea eta kuadrillen txapelketa.
  • 19:00 Txupinazoa eta buruhandiak.
  • 20:30 Sardina-jana.
  • 22:30 Kontzertua, Cosméticos eta HDH taldeakaz.  

Uztailak 21, zapatua

  • 10:00 Magic-txapelketa.
  • 11:00 Kuadrilla-txapelketa.
  • 11:30 Txikigunea.
  • 13:00 Euskal dantzak, Berantzagi Dantza Taldeagaz.
  • 14:00 Tortilla-txapelketa.
  • 17:00 Txikigunea eta kuadrilla-txapleketa.
  • 18:00 Igel-toka eta txapel-jaurtiketa.
  • 19:00 Magia erakustaldia.
  • 20:30 Saiheski-jana.
  • Gauean, kontzertua, Tierra Kritical eta Calero LDN rap-taldeakaz.  

Uztailak 22, domeka

  • 11:00 Futbol 3ko txapelketa.
  • 11:30 Txikigunea.
  • 12:00 Kuadrillen txapelketa.
  • 14:00 Paella-txapelketa.
  • 17:00 Ur-guda.
  • 17:30 Bitsa-festa.
  • 18:30 Herri-kirolak.
  • 19:30 Sari-banaketa.
  • 20:00 Karaokea.
  • 23:00 Zinema.
  • 23:59 Jaien akabua.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun