Kontuak hala, 2018ko jaiak abiaraziko dituen pregoia eurek irakurriko dute, uztailaren 28an, zapatuan; Algortako San Nikolas plazako liburutegiko balkoira igoko dira orduan, eguerdiko 01:30ean.
Pozgarria izango zen iaz irabaztea?
Topikotzat har badaiteke ere, pozgarriena da jaietan parte hartzea eta lagunartean holako egunez gozatzea. Baina, ilusio handiz bizi izan genuen kuadrillen txapelketan parte hartzen genuen hamargarren urtean txapela janztea ere, noski! Ikaragarria izan zen!
Prest duzue aurtengo pregoia?
Ideia nagusiak pentsatuta dauzkagu; orain, forma ematea besterik ez zaigu falta.
Ze mezu helarazi gura duzue pregoiaren bidez?
Hurbil zaitezte den-denok uztailaren 28an herriko plazara, eta orduantxe jakingo duzue!
Jaietan aktiboki parte hartzea da horiez gozatzeko modurik onena?
Gure ustez bai, behintzat. Herriko giroaz egun osoan gozatzera garoatza jaietan parte hartzeak; lagunen artean biziz goizak, arrastiak eta gauak. Bestalde, Algortako saninazioak jai oso herrikoiak dira; adin denei begirako ekitaldiak aurki ditzakezu. Eta lagunakaz edo familiagaz gozatzeko aukera dago.
Zer uste duzue jai-batzordeak egiten duen lanaz?
Haiei zor dizkiegu urteetan jaietan bizi izandako hainbat une; eskerrak ematea baino ez daukagu, urtez urte egiten duten lan bikainagatik!
Zeintzuk dira kuadrillen txapelketa irabazteko gakoak?
Ez dago gako zehatzik. Guretzat garrantzitsuena lotsa etxean uztea da, eta jendeari une on bat pasaraztea.
Aurten ere irabazteko esperantzarik daukazue?
Diotenez, esperantza da galtzen azkena! Egia esan, parte hartzeak bakarrik poztuko gaitu!
Egun horietan Algortara hurreratuko direnentzako mezurik baduzue? Ibil daitezela herrian, kalez kale; giro oso polita sortzen delako, bai gauez, bai egunez.