Bizkaia Zubia helmuga izango dute 110 neska-mutilek

Iker Rincon Moreno 2018ko uzt. 9a, 12:00
Euskal Herriko hainbat txokotako gazteek parte hartuko dute EuskaraAbentura espedizioan. EUSKALERRIA IRRATIA

Uztailaren 31n helduko dira Getxora EuskaraAbentura espedizioan parte hartzen dabiltzan 110 gazteak eta 30 helduak. Uztailaren 2an abiatu ziren Mauletik, Getxorainoko ibilbidea egin dute hilabetean.

EuskarAbentura espedizioa osatzen duten 16 eta 17 urte arteko 110 gaztek eta 30 helduk osatutako lan-taldea uztailaren 2an abiatu zen Mauletik, ekimenari hasiera emanez. Done Jakue bide desberdinei jarraituz, Euskal Herria zeharkatuko dute, hiriburu denak eta Unescok izendatutako Gizateriaren Ondareak bisitatuz. Etapa bakoitzaren amaieran eta atseden-egunetan askotariko ekintzak egingo dituzte. Modu horretan, partaideek gure geografian, historian, kulturan eta errealitate soziolinguistikoan sakontzeko egundoko aukera izango dute.

Besteak beste, Uneskok izendatutako Gizateriaren Ondareak ezagutuko dituzte: Ekainberriko eta Santimamiñeko kobazuloak, Bizkaia Zubia, Donemiliaga Kukulako Suso eta Yusoko monastegiak eta Done Jakue bidea bera. Horiez gainera, bestelako leku esanguratsuak ere bisitatuko dituzte: Orreagako Kolegiata, Eunate, Añanako Gatz Harana, Albaola Itsas Kultur Faktoria, euskal kostaldeko Geoparkea... Uztailaren 31n, San Inazio egunean, amaituko dute hilabeteko ibilbidea, eta Getxo izango dute helmuga EuskaraAbenturako partaideek. Ordura artean, 483 kilometro oinez, guztira 783 kilometro, eta dozenaka bidelagun, milaka esperientzia eta, batez ere, egundoko ilusioa dauzkate euren begira.

Dozenaka lagun bidean zehar

Ondare immateriala ez da faltako eta, horretarako, arlo desberdinetako dozenaka lagun abenturara batuko zaizkie. Berbarako bidean zehar sormen-proiektu bat lantzeko proposatuko diete gazteei, eta, horretan laguntzeko, Ander Lipusek ahots-adierazpeneko lantegia emango du, Miren Amurizak eta Odei Barrosok berba-literatur sorkuntzaren gainekoa, Ximun Fusch-ek eszenografiari buruzkoa, Kattalin eta Peter Ansorenak inprobisazioari dagokiona eta Myriam Perezek gorputz-adierazpenari lotutakoa, hurrenez hurren. Horrez gainera, Euskal Herriko errealitate soziolinguistiko desberdinak aurkezteko, Xan Airek berbaldia emango die Behe Nafarroan; Koldo Colomok, Nafarroan; Beñat Garaiok, eta Ane Pedruzok, Araban; Kike Amonarrizek, Gipuzkoan; Jone Goirigolzarrik eta Txerra Rodriguezek, Bizkaian; eta Eneko Gorrik, Lapurdin. Esperientzia aberastuko dutenen zerrenda luzea osatzen dute Asisko Urmenetak, Patri Espinarrek, Aroa Arrizubietak, Manu Bendalak, Auritzeko bertso- eskolako lagunek eta Mattin Zeberiok, besteak beste.

EuskarAbentura ekimena izen bereko irabazi-asmo bako elkarteak sortu du. Euskal Herriko txoko desberdinetako 10 gaztek osatzen dute, eta ia hiru urte eman dituzte egitasmoa lantzen, borondatez. Diotenez, espedizioa gauzatu ahal izateko hainbat erakunderen laguntza ezinbestekoa izan da.

Egitaraua:

Uztailak 31, martitzena

  • 09:30    Bilbon itsasontzi bi hartuko dituzte eta, itsasadarrean barrena nabigatuz, Bizkaia Zubiraino iritsiko dira.
  • 10:30    Portugaleteko aldean jaitsi eta pasarelatik eta transbordadoretik Areetara igaroko dira, Bizkaia Zubiaren 125. urteurrena ospatzeko. Unescok Euskal Herrian izendatutako Gizateriaren Ondare denak bisitatzea izan du helburu espedizioak, eta ibilbideko azkena Bizkaia Zubia izango da.
  • 12:30    Espedizioaren amaiera-ekitaldia egingo dute, Areetako Andres Isasi musika-eskolan. Espedizioa osatu duten denek diploma berezi bat jasoko dute, proiektuaren babesleek emanda, eta espedizioaren bideo-laburpena proiektatuko dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun