Aurten, gainera, zaleek bat egin dute epai-mahiagaz: publikoaren saria seikote danimarkarrari eman diote ikusleek. Bakarlaririk onenaren saria, ordea, Iñigo Ruiz de Gordejuelari eman dio publikoak; Alexey León Quintet taldeko piano-jotzailea da azken hori.
Irabazleak
Anders Fjeldsted kontrabaxu-jotzailea bere belaunaldiko musikari preziatuenetako bat da Danimarkan. Bere herrialdeko zein nazioarteko hainbat artistegaz batera ibili da: Carsten Dahl, Jesper Thilo, Rodney Green, George Garzone eta Alvin Queen. Haren seikotearen musika batik bat originala da, Charles Mingusen edo Thelonious Monken inspirazioagaz, betiere soinu adierazkor eta organiko baten aldeko apustua eginez. Seikotean, Oilly Wallace (saxo altua), Rolf Sorensen (tronpeta), Soren Host (saxo tenorra), Artur Tuznik (pianoa) eta Henrik Holstekin (bateria) batera jotzen du.
Bestalde, Alacanteko Pepe Zaragoza tronpeta-jotzaile eta musikagilea Valentziako egungo jazz musikari gazteenen artean izenik esanguratsuenetako bat bilakatu da. Bere boskoteagaz lehenengo diskoa atera zuen orain dela gutxi, !La plaça dels somnis", eta kritika bikainak jaso ditu, baita sari ospetsu bi ere: Ciudad de Talavera III Nazioarteko Jaialdia, 2015ean; eta Castellóko Universitat Jaume Iaren VII Jazz Jaialdia, 2016an. Taldekideak honako hauek dira: Joan Saldaña (saxoa), Antoni Saigi (pianoa), Javier Pérez (kontrabaxua) eta Roger Gutiérrez (bateria).
Sariak
Talde Lehiaketaren irabazleek 4.300 euro jasoko dituzte eta CD bat grabatuko dute zuzenean. Halaber, garaileek Lovainako (Belgika) B-Jazz eta Eivissako Jazzaldietan ere parte hartuko dute, Getxo Jazzaldiak horiekaz daukan lankidetza-hitzarmena dela medio. Bigarren sariari 1.800 euro dagozkio eta, azkenik, bakarlaririk onenak 900 euro eskuratuko ditu.