Getxomagik jaialdia abiatuko dute eguenean

Iker Rincon Moreno 2018ko uzt. 10a, 10:22

Tor magoa kaleko magia-saio batean. © GETXOKO KULTUR ETXEA

Lau egunez, ilusionismoa izango da erabateko protagonista Getxo udalerriko auzo denetan: formatu askotariko magia-ikuskizunak, saioak eta tailerrak egongo dira, euskaraz zein gaztelaniaz, adin guztietako lagunei zuzenduta.

Oraingo honetan, Tor, Balbi, Txoborro, Eriz, Zañartu, Juan Paños, Jon Zabal, Sr. Pérez eta Marsel magoek parte hartuko dute eta saio denetako sarrera doakoa izango da.

Magipoteoa kaleko saio ibiltariagaz hasiko da jaialdia, hilaren 12an. Algortako (18:00-19:00) eta Itzubaltzeta/Romo-Areetako (19:30-20:30) ostalaritza-guneetan jardungo dute magoek, ikusleetatik oso gertu.

Biharamunean, barikuan, 6 urtetik gorako umeentzako tailerrak egongo dira Algortako Kultur Etxean (Villamonte, A-8), 17:30etik aurrera. Bestalde, 19:00etatik 20:30era, "Magia txokoak" magia arineko saioak egingo dituzte, Algortako Telletxe, San Nikolas eta Tellagorri plazetan. Saioak, 20 minutuko iraupena dutenak, 19:00etan, 19:30ean eta 20:00etan izango dira. Kokapen bakoitzean ezberdinak izango dira eta, horrela, ikuskizuna amaitzen denean, publikoak beste leku batera joan ahal izango da hurrengo saioaz gozatzeko, hiru plazak elkarrengandik oso gertu baitaude.

Umeentzat eta helduentzat

Zapatuan, uztailaren 14an, umeentzako tailerrak egongo dira Romo Kultur Etxean, 11:00etatik aurrera. Arrastian, berriz, Areetako Xake plazan, urruneko mendebaldean girotuta dagoen "Saloon" ikuskizuna izango da, 17:00etatik 19:00etara, 30 minutuko iraupeneko hiru saiotan. Eguna biribiltzeko, jaialdiko ekitaldi nagusia izango da Romo Kultur Etxean, 21:00etan. Bertan, zeremonia-zuzendariak gidatuta, lau mago arituko dira eta hainbat magia-estilo ikusteko aukera egongo da: umore-magia, mentalismoa, txinatarra, itzalak, ilusio handiak eta xaboi-burbuilak, besteak beste.

Azken egunean, hiru ekitaldi izango dira Andra Marin. Goizean, 12:30ean, "Magipoteo" saioa izango da (Borobia plazako eta Tamarindo kaleko inguruetan). Arrastian, Itxas Argia elkarteko lokalean (Iturribide, 24) umeentzako magia tailerrak hasiko dira 17:30ean eta, azkenik, "Magia potagiak" ikuskizuna izango da Malakate plazan. Txikentzako saio horretan, umeek aktiboki parte har dezakete eta elementu bisualez gozatzeko aukera izango dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun