Igogailu panoramikoa eta oinezkoen pasealekua zabaldu dituzte Algortako Portu Zaharrean

Iker Rincon Moreno 2018ko uzt. 10a, 18:01

Imanol Landa alkatea, auzokideakaz, Jeneratxutik paseatzen. © GETXOKO UDALA

Gaur zabaldu dute Algortako Portu Zaharreko igogailu panoramikoa, Jeneratxuko oinezkoentzako pasealeku berrituagaz batera. Inaugurazio-ekitaldian, Imanol Landa alkatea zein alderdi politikoetako, auzotarren eta Fekoor-eko (Gutxitasun Fisikoa edo Organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzailea) ordezkariak izan dira.

Alkatearen berben ostean, eta Portu Zaharreko auzo-elkartekoek antolatuta, ekipamendu publiko berria bedeinkatu du Javier Garai San Nikolas elizako parrokoak eta Biotz Alai abesbatzak bere errepertorioko abesti pare bat kantatu du.

Imanol Landa pozik agertu da gaurko ekitaldi honengatik, getxoztar denentzat oso ezaguna ez ezik, hain maitagarria ere den ingurunean egin dena. "Eta poztu egiten nau Portu Zaharreko auzotarren nahien isla delako, bertoko elkartearen aspaldiko aldarrikapena zelako; eta hiritarren iritziaren ondorioa ere bada -Partaidetza bidezko Aurrekontuen emaitza den proiektua delako-, baita, beren egunerokotasunean, irisgarritasunari lotutako trabak aurkitu eta hesi horiek gainditzeko lanean diharduten pertsonena ere", esan du Landak.

Ekitaldian izan diren auzotarrak ere pozik agertu dira, udal-iturrien arabera, Getxoko toki esanguratsu honetan beren eskaeretako bat bete egin delako.

Alkatearen berbetan, auzoan bizi diren pertsonentzat zein auzoa bisitatzen dutenentzat irisgarritasuna hobetzeko urrats handia izateaz gainera, Algortako goiko eta beheko aldeak lotzeko bide berria ere bada. "Ildo horri eutsi dio aspaldidanik Udalak, igogailu berri hau gehitzen baitzaie Ereagan, Villamonten, Aiboan eta Alangon daudenei (Alangoren kasuan laugarren igogailua egiten ari da) eta Salsidu eta Bidezabalgo eskailera mekanikoei. Bide horretatik jarraituko dugu, zalantzarik gabe, etorkizunean ere", aurreratu du agintariak.

Desnibela

Igogailu berriak auzoko irisgarritasuna hobetzen du 15 bat metroko altuera duen desnibela gainditzen duelako. Bertan, 16 lagun sartu ahal dira batera. Dohainik erabili ahal da. Igogailu berria doakoa da; daborduko badabil udalerriko gainontzeko igogailu publikoakaz batera.

Ekipamendu berri honen goiko aldea zuzenean lotzen da Jeneratxuko eta Usategiko parkearen artean dagoen oinezkoen pasealekuagaz, "bidexka naturala, hobetu eta irisgarriagoa egin nahi izan duguna, bertatik ibiliko direnen gozamenerako eta euren ongizate handiago baten alde", aipatu du amaitzeko Landak.

Azken jarduketa hori ere "Algortako Portu Zaharrean irisgarritasuna baliabide mekanikoz hobetzeko Proiektua"-n sartuta zegoen. Egitasmoak 700.000 euroko gastua ekarri du, eta horietatik 190.000 euro Eusko Jaurlaritzak eman ditu, irisgarritasuna hobetzeko diru-laguntza legez.

Laster, lan berriak lizitatuko dira Jeneratxun egoteko dauden guneak birgaitzeko, eremu horren estetika bereziari eutsiz. Beheko aldean, zabalguneko sarreraren eta igogailuaren parera arteko zatia berriz asfaltatuko da eta igogailuaren aurrean oinezkoen pasabide bat ipiniko da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun