Pla eta Barrutieta daude Espainiako selekzioaren hamabi hautatuen artean. Bàrbara Plaren kasuan, munduko hirugarren txapelketari ekingo dio; Barrutieta estreinatuko da zazpiko modalitatean. Behin betiko deialdian ez zen inolako ustekaberik izan eta eurengan konfiantza osoa duela erakutsi du Pedro de Matias Espainiako hautatzaileak, beste behin ere. Izan ere, hamabi jokalariak, teknikariak eta Pablo Feijoo Espainiako errugbi Federazioaren presidentea hartu zituen María José Rienda Kirolerako Estatuko Idazkariak atzo Kirol Kontseilu Gorenean (CSD). Bihar, espedizioa Kaliforniara abiatuko da.
Espainia sailkapen orokorreko hamargarren postuan dago; Fidji (7.) izango du aurkari txapelketaren lehen neurketan, hilaren 20an, barikuan, 19:00etan. Halaber, lehiaketa-sistema aldatu dute edizio honetarako eta kanporaketa zuzenak izango dira lehen jardunalditik, hau da, final-zortzirenetatik. Irabaziz gero, Australia (2.) edo Papua Ginea Berria selekzioen aurka jokatuko dute Getxoko errugbilariek.