Blues-doinuak Getxora datoz datorren astean

Iker Rincon Moreno 2018ko uzt. 11a, 17:27

Coco Montoyak itxiko du jaialdia. © GETXOKO KULTUR ETXEA

Uztailaren 19tik 22ra arte, blues-doinuak izango dira nagusi Getxon, 30. Nazioarteko Blues Jaialdiari esker. Aurten, Coco Montoya, Bette Smith, The Excitements eta The Blues Morning Singers izango dira saio nagusien protagonistak. Ohi den legez, kontzertuak Algortako Biotz Alai Abesbatza plazan izango dira; eguenean, 20:00etan, eta gainerako egunetan, 21:00etan. Aurtengo egitaraua borobiltzeko, saio horiez gainera, doako lau kontzertu eta kaleko desfileak egongo dira.

Aurtengo kontzertu nagusiak saio bikoitz bategaz abiatuko dira, eta egungo estatu-eszenako talde bi izango dira protagonista. Bartzelonako The Excitements taldeagaz hasiko da gaua, rhythm & soul indartsu eta itsaskorragaz. Koko Jean Davis abeslaria buru duen taldea Memphis, Detroit eta Chicago aldean kokatu izan da eta 50eko hamarkadako azken aldiko R&B bizia nahasten du 60ko hamarkadako Stax soinuagaz. Bandaren zuzenekoetan R&B estiloko bertsio indartsuak txandakatzen dituzte gai originalakaz, betiere zati erritmiko ahaltsu bategaz.

Kataluniarren ostean, The Blues Morning Singers Bilboko laukote elektroakustikoajoko du. %100ean jotzen ditu blues-doinuak, bere aldaera eta estilo guztietan. Taldeak ihes egiten du erabili ohi diren errepertorioetatik eta, modu berean, estereotipoetatik aldetzen da, musika afroamerikarrean sakonki errotutako konposizioak eskainiz. Bere errepertorioak, besteak beste, hauexek hartzen ditu barne: Deltako blues-soinu umela, 50eko hamarkadako Chicagoko blues zorroz elektrikoa eta Ameriketako Estatu Batuetako Mendebaldeko Kostako zein New Orleanseko jump blues dantzaldiak.

Biharamunean, barikuan, Bette Smith abeslari amerikarraren txanda izango da; blues urratzailearen eta soul sutsuen erakuslea, hain zuzen ere. Brooklyngo artista blues-panoramaren errebelazioetako bat izan zen iaz "Jetlagger" diskoari esker, neo-blues delakoaren erakusgai izugarria dena; izan ere, bere ahots sutsua eta hareatsua une gorenera heltzen da, eta Betty Davis edo Tina Turner dirudi kanta batzuetan eta funky txundigarria beste batzuetan, blaxploitation estiloko soinuagaz; betiere, soul kutsuetatik urrundu barik.

Azkenik, Coco Montoya (1951, Santa Monica) gitarra-jotzaile kaliforniarrak itxiko ditu Getxo&Bluesaren saio nagusiak. Albert Collins handiagaz hasi zuen ibilbide profesionala. Bateria-jotzaile izan zen lehenik, baina handik gutxira gitarrarengatik aldatu zituen baketak. Entsegu-kontzertuetan ibili ostean, bere aukera handia heldu zen: John Mayallek kontratatu zuen Bluescasters taldeagaz behin-behinean bira egiteko; horrela, bere ospea artista ezagunen mailara igo zen; hala nola, Eric Clapton, Peter Green eta Mick Taylor musikarienera. Ondoren, 90eko hamarkadan, bakarka aritzea erabaki zuen, eta esfortzuaren emaitzak ikusi ziren gutxira, argitaratu zituen diskoen bitartez, besteak beste: "Gotta Mind To Travel", "Ya Think I’d Know Better", "Just Let Go" eta "Suspicion". Lan horiek izen handi bihurtu den musikariaren ibilbidea oinarritu egin dute.

Bestelako saioak

Jaialdiko egitaraua borobiltzeko, doako kontzertuak eskainiko dituzte Barney's Band eta Maraya taldeek, hilaren 20an eta 21ean, Algortako The Piper's Irish Pub tabernan. Halaber, Granujas a Todo Ritmo Street Band taldeak kaleko giroa alaituko ditu.  Azkenik, hilaren 21ean eta 22an, jaialdiak lehenengo aldiz hartuko ditu goizeko kontzertuak. Stereosonik bertoko elkarteak antolatuta, The Big Flyers eta Still River taldeak Getxoko Kirol Portuko ostalaritza-terrazetan arituko dira, 13:00etan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun