Bestalde, datorren eguaztenean, hilaren 18an, taldeak jendaurreko aurkezpena egingo du Gobelan. Bertan, Arenas taldeak Errege Kopa 1919ko maiatzean irabazi zuela gogora ekarri eta Mendeurrenaren Erronka ekimen bitxia ezagutaraziko dute Franqui Egusquiaguirre klubeko presidenteak, Jabi Luaces entrenatzaileak eta Carlos Aguiló Elecnor enpresa babeslearen ordezkariak. Mendeurrenaren Erronka egitasmoa jokalariek eta teknikoek bideratuko dute denboraldian.
Lagunarteko partiduei dagokienez, uztailaren 21ean jokatuko du Arenasek bere lehenengo norgehiagoka, Osasunaren aurka. Taldea hitzordu garrantzitsu horretara helduko da bost eguneko entrenamendua soilik eginda, baina 2. Mailako euskal taldeagaz jokatzeko luxuari ezin izan dio uko egin. Hala, futbolzaleek aukera izango dute talde bien lehia Faduran ikusteko, 19:30ean. Datozen asteotan, Bizkaiko, Arabako eta Madrilgo hainbat lehiakide izango ditu Luancesen taldeak: Bilbao Athletic, Sodupe, Unión Adarve, Balmaseda, Vitoria, Sestao River, Durango eta Basconia.
Denboraldiaren aurretiko egitaraua
- Uztailaren 21ean, zapatuan, 19:30ean: ARENAS-Osasuna (Fadura).
- Uztailaren 28an, zapatuan, 10:30ean: Bilbao Athletic-ARENAS.
- Abuztuaren 1ean, eguaztenean, 19:00etan: Sodupe-ARENAS.
- Abuztuaren 4an, zapatuan, 19:00etan: ARENAS-Unión Adarve.
- Abuztuaren 8an, eguaztenean, 19:00etan: Balmaseda-ARENAS.
- Abuztuaren 11n, zapatuan, 10:30ean: ARENAS-Vitoria.
- Abuztuaren 14an, martitzenean, ordua zehazteke: Sestao River-ARENAS.
- Abuztuaren 15ean, eguaztenean, ordua zehazteke: Durango-Bilbao Athletic-ARENAS hiruko lehiaketa.
- Abuztuaren 18an, zapatuan,ordua zehazteke: Basconia-ARENAS.
Entrenatzailea
Jabi Luaces Gernikako tekniko ohiak gidatuko du Arenas futbol-klubaren lehenengo taldea. Beragaz batera jardungo du Endika Bordas Athleticeko jokalari ohiak, bigarren entrenatzaile gisa. Luacesek 45 urte ditu, Busturian jaioa da eta bere herriko taldeko jokalaria izan zen gazte-mailan. Ondoren, Gernika Bn jokatu zuen. 3. Mailan, Durangoko Kulturalean jardun zuen, eta 2. Bn, Bermeon eta Lemoan. Frantziako Ligan, Bretainiako Rennes klubeko futbolari izan zen. Bere jokalari-ibilbideari amaiera eman aurretik, Lekeitioren elastikoa jantzi zuen Lurralde-mailan eta Ondarroakoa, 3. Mailan.
Entrenatzaile-lanetarako Gernikara bueltatu zen Luaces. Bertan ibili zen 2001etik 2004ra. 2004-2005 denboraldian, Errigoitiko senior-taldea igo zuen lurraldeko 1. Mailara, Gernikako harrobira bueltatu aurretik. Hala, igoerarako play-offean sartu zuen talde nagusia, 2007-2008an. Urte bi beranduago, Portugalete izan zen bere lanaren onuraduna eta play-offera heldu zena. 2011-12an, Alavés B zuzendu zuen busturiarrak, 3. Mailan. Hurrengo urte bietan, Gernikan igo zituen gazte- eta lehenengo taldeak, hurrenez hurren. Ordutik eta Arenasegaz sinatu arte, Gernika mantendu du brontzezko mailan. Gainera, denboraldi honetan taldea sailkatu du Kopan lehiatzeko.
Jokalariak
- Diego Carrio, atezaina: joan den uztailaren 11n iragarritako fitxaketa. Atezain gasteiztarra Gernikatik dator; 23 urte bete zituen joan den maiatzean. Alavéseko harrobian hazi eta gazte-taldetik filialera pasatu zen. 2015-16an, 3. Mailako Errioxako Haro futbol-klubean jokatu zuen eta, maila berean, Asturiasko Colungan egin zuen urte bat beranduago. Iazko udan heldu zen Gernikara; bertan, 25 partidutan, 24 gol jaso zituen.
- Markel Lozano, erdiko erdilaria: Arenasek joan den ekainaren 26an baieztatu zuen kontratazioa. Bilbotarrak iazko udan hasi zen Arenas futbol-talde historikoan jokatzen, Athleticek utzita. Ondoren, klub bilbotarraren diziplinara bueltatu zen. Lezamatik aldendu ostean, Lozanok bere bigarren denboraldia egingo du Gobelan. 22 urte bete zituen joan den maiatzean. Iaz, 20 partidu jokatu zituen. Luacesek konfiantza dauka berarengan jarria, erdilarien lerroan segitzeko.
- Adrián Güemes, aurrelaria: Barakaldon jaioa, 25 urte ditu. Aurreko denboraldia Amorebieta taldean hasi zuen, baina urtarrileko amaieran, neguko merkatuan., Gernikara mugitu zen. Barakaldoko harrobian hezi zen eta bertako gazte-taldetik jauzia eman zuen Sestao Riverrera. Ondoren, Barakaldo, Zamudio, Portugalete, Leioa, Sestao River eta Amorebieta taldeetatik pasatu da, Arenasek fitxatu aurretik.
- Julen Azkue, erdiko erdilaria: 22 urteko zarauztarra Vitoria taldetik dator. Gipuzkoarrak bost gol sartu zituen iaz, euretako bat Arenasi, Olaranben jokatutako partiduan. Eibarko harrobian hazia, bertako gazte-taldetik pasatu ondoren Lagun Onak talde azpeitiarragaz sinatu zuen 2014ko uztailean. Urte bat beranduago Gasteizera jo zuen. Iaz, 38 partidutatik 35 jokatu zituen.
- Jon Etxaniz, erdiko aurrelaria: Elorriarrak 27 urte dauzka eta Zaragozako Ebro taldetik dator. Iaz, Ebron jokatzeaz gainera Pontevedran ere jardun zuen. Athleticeko harrobian formatu zen; hala gazte-taldetik Basconiarako jauzia eman zuen 2008-09an. Hortik Bilbao Athleticera pasatu zen, Bilboko filiala Sestao River eta Barakaldo taldeakaz tartekatu zituen arren. 2014-15 denboraldian, Leioak fitxatu zuten eta bertatik Gernikara mugitu zen. Iaz, Pontevedrak kontratatu zuen, baina neguko merkatuan Ebrora joan zen.
- Kenechuhwu Uche, erdiko erdilaria: Nigeriako Enugu herriko jokalariak 27 urte eta 1,88 metroko altuera ditu. Mallorcako harrobian hezi da, eta gazte-taldean zein filialean jokatu du. Bost denboraldi eman zituen Mallorcako bigarren taldean. Ondoren, 2015eko udan, Cornellá hautatu zuen. Iaz, Atletico Baleares taldean hasi zen, baina neguko merkatuan Badalonak fitxatu zuen, 2. B Mailan jokatzeko.
- Jon Urkiza, aurrelaria: joan den ekainaren 1ean iragarri zuenez, harrobiko eraso-egileak bere bederatzigarren denboraldia jokatuko du Arenasen. Bigarrena izango da lehenengo taldean, gazte-mailatik igo ondoren. Iaz ez zuen izan minutu askorik, baina tekniko berriak konfiantza ipini du berarengan. 19 partidutan lehiatu zen, horietatik lautan titular moduan. Denera, 468 minutu izan zen futbol-zelaian.
- Jordan Sánchez, hegalekoa: Aurreko denboraldian Sabadelletik etorri ondoren, aurten Sánchezek Arenasen errepikatuko du. Iaz, 26 partidu jokatu zituen, horietatik 16 titular moduan. 1.569 minututan hiru gol sartu zituen. Azken partiduak eskuin alboko postuan jokatu zituen.
- Txemi Talledo, atezaina: 38 urtegaz, atezain beteranoak bere hamargarren denboraldia jokatuko du Gobelan, zazpigarrena segidan. Izan ere, hiru urte historikoan eman ondoren, urte batez Barakaldon jardun zuen, berriro Itzubaltzetako futbol-zelaiko atea gordetzeko bueltatu baino lehen. Iaz titularra izan zen: 28 partidu jokatu zituen (2.520 minutu) eta 29 gol sartu zizkioten.Damian
- Damián Zamorano, ezker hegalekoa: 25 urteko argentinarrak kontratua berritu du Arenasegaz. Joan den urtarrilean heldu zen klubera, neguko merkatuan, Linense taldetik. Ordutik izan ziren 16 partiduetan jokatu zuen. Denera, 1.077 minututan izan zen zelaietan eta gol bat sartu zuen.
- Aitor Ramos, erdiko aurrelaria: 32 urtegaz, bilbotarrak ekingo dio bere zazpigarren denboraldiari taldean. Aurreko urtean sei gol sartu zituen. Laudiotik heldu zen, 2012an.
- Ian Uranga, eskuin-erdilaria: Durangarrak bere zazpigarren denboraldia jokatuko du Arenasen. Iaz, bost gol sartu eta 3.042 minutu jokatu zituen. 30 urte ditu.
- Ignacio Matador, erdiko erdilaria: Asturiarrak Urangaren marka berdindu zuen, 3.042 minutu jokatuta. Denbora horretan hiru gol sartu zituen. Zoritxarrez, lotailu gurutzatuan lesioaren ondorioz ebakuntza behar izan du. Cultural Leonesa taldetik heldu zen Arenasera, 2016an.
- Dani López, erdiko aurrelaria: Madrildarrak 32 urte ditu eta sei gol sartu zituen aurreko denboraldian, 34 partidutan. Denera, 2.224 minutu eman zituen zelaian. Aurtengoa bere hirugarren urtea izango da historikoan. La Rodan jokatu zuen aurretik.
- Pablo Fid, atezaina: Bigarren denboraldia segidan izango da 21 urteko harrobi-jokalari horrentzat. Aurretik, Jon Pérez "Bolo"-k laga zion Loiuri, atean jokalari lar zituelakoan. Vicente Companyren lesioa dela eta, lehenengo talderako berreskuratu zuen.
- Gonzalo Llerena, erdiko atzelaria: Zafran (Badajoz) jaioa, neguko merkatuan heldu zen klub gorri-beltzera, Villanovense futbol-taldetik. Ordutik partidu denak jokatu zituen, bat izan ezik. 28 urte ditu.
- Raúl Espinosa, eskuin albokoa: Madrildarrak 22 urte ditu. Neguko merkatuan heldu zen historikora, Rayo Vallecano B atzean utzita.
Bidaia laburrak aurten ere
Iaz legez, Arenasek 2.B Maila partekatuko du Hego Euskal Herriko beste taldeakaz eta Asturias, Kantabria, Errioxa eta Burgosko hainbat klubagaz. Horrek ahalbidetuko du aurreko urteotan baino bidaia laburragoak egin behar izatea. Hamabi euskal taldeak honako hauek dira: Arenas, Leioa, Amorebieta, Barakaldo, Bilbao Athletic, igo berri den Durangoko Kulturala, Izarra, Tudelano, Gernika, Reala, Irungo Real Unión eta Vitoria. Asturiak hiru ordezkari izango ditu II. multzoan: Langreo eta Oviedo B igo berriak eta Sporting B. Errioxari eta Kantabriari dagokienez, bina talde lehiatuko dira multzo horretan: Logroñés eta 3. Mailatik heldutako Calahorra eta Racing de Santander eta Gimnástica Torrelavega igo berria. Azkenik, multzoa Mirandés taldeak osatuko du. Burgosko futbol-taldeak, ostera, I. multzoan jokatuko du azkenean.