Neguri eta Algorta artean oinezkoentzako konexioa sortzeko planean sartzen da aipatutako proiektua, udal-iturriek zehaztu dutenez. Horretarako, beste "hiri-parke" bat sortuko dute Aiboako goiko gunean, zeinaren bidez Alango eta Konporte kaleetatik metro-geltokira joateko ibilbide irisgarri eta segurua egingo den. Planak beste jarduketa bi barne hartzen ditu: Aiboako metro-geltokia Miguel Beaskoa kaleagaz lotzen duen igogailu berri bat ipintzea Jesusen Bihotza Udal Egoitzaren ondoan, eta inguru horretan dagoen baso-eremua parke legez egokitzea. Proiektua idazteko fasean daude jarduketa biak.
Beste zenbait proiektu gehitu behar zaizkie horiei: hala nola, Alangon laugarren igogailua instalatzea, Alango eta Aiboa artean oinezkoentzako ibilbideak egitea, Iturribarri guneko parkea, eta abar.
Kalkulatu da oinezkoentzako pasabideak egiteko lanek bost hileko iraupena izango dutela, hasten direnetik zenbatzen hasita. Bideei dagokienez, egoera txarrean dauden guneak hobetuko dira eta beste batzuk zolatuko dira. Bestalde, argiztapenari dagokionez, luminariak ipiniko dira pasabideetan, 24 metro bakoitzeko. Aiboako geltokian hasten den bidea Iturribarri guneko pasabideetara egongo da konektaturik.
Aipatutako proiektuaren jarduketa egiteko aurrekontua 490.000 euro ingurukoa da.