Getxora iritsitako umeei ondo-etorria egin diete

Iker Rincon Moreno 2018ko uzt. 13a, 17:08

Imanol Landa alkatea eta Nerea Guijarrubia Getxoko EH Bilduko bozeramailea udalerrira iritsitako umeakaz. © GETXOKO UDALA

Getxoko alkatea den Imanol Landak eta Udalbatzako talde politikoren ordezkariek harrera egin diete, gaur goizean, udaletxeko batzar-aretoan, herriko familiakaz uda igaroko duten 14 umeei; Saharako errefuxiatuen kanpamenduetatik, Errusiatik, Bielorrusiatik eta Ukrainatik iritsi dira gurera.

Ondo-etorria eman ostean, Landak esan die plazera dela udalbatzar-aretoa umez beteta ikustea. Urtero legez, alkateak harrerako familiei eta elkarteei euren konpromisoa eskertu die, "horiek baitira Getxo bezalako udalerri solidario baten benetako ereduak". "Herriak egoera zailekiko elkartasuna agertzen du", gaineratu duenez. Agintariak Udalaren laguntza ere eskaini die familiei, eta neska-mutilei desiratu die familia getxoztarrekin uda gozatzea.

Sahararen aldeko Atfal, Bikarte, Acobi eta Ukrania Gaztea elkarteek bideratutako ekimenaren helburuak hurrengoak dira: osasuna zaintzea, ondo pasatzea eta etorri diren umeen egunero bizi duten errealitatearen berri getxoztarren artean zabaltzea. Harrerako familiakaz eta euren lagunakaz batera, hainbat jardueratan ondo pasatzeko aukera edukiko dute umeek, uztailean eta abuztuan. 

Alkatearen berbak entzun ostean, magia-ikuskizun labur batez gozatu ahal izan dute neska-mutilek, udalbatzar-aretoan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun