Zibererasoen gaineko ikastaroa emango dute eguenean Getxoko Elkartegian

Iker Rincon Moreno 2018ko uzt. 16a, 16:18

Getxo Elkartegian dago Getxolan. © GETXOKO UDALA

Datorren eguenean, hilaren 19an, enpresa txiki eta ertainentzako ziber-segurtasunaren gaineko tailerra izango da Areetan, Getxoko Elkartegian. Ikastaroa 10:00etan hasi eta 14:00etan amaituko da. Interesdunek aurretik eman behar dute izena.

Getxolanek zabaldu duenez, tailerrean azalduko dute zeintzuk diren enpresan erabil daitezkeen bitarteko digital berriak "segurtasun osoz informazioa partekatzeko eta nabigatzeko". Ikastaroa Inplantalariak zerbitzuaren bitartez eskaintzen dute. Gainera, SPRI Taldea Eusko Jaurlaritzaren enpresa-garapenerako agentziaren laguntza dauka.

Getxoko tailerrean honako enpresa txiki eta ertainek har dezakete parte: merkataritza eta ostalaritzan izan ezik beste edozein sektoretan jarduten duten enpresek, autonomoek eta ekintzaileek. Interesdunek informazio gehiago eskatu edo izena eman dezakete Getxolan udal-erakundeagaz harremanetan ipinita, 944 660 140 telefono-zenbakira deituz edo getxopro@getxo.eus helbide elektronikora idatziz.

Honako gaien inguruan informazioa eskainiko dute tailerrean: enpresek izan ditzaketen balizko zibererasoak; enpresek gaur egun duten segurtasun-maila; zer egin zibereraso bat izanez gero; informazio digitala jakinarazi eta bidaltzeari zein Interneten nabigatzeari dagokienez bermeak ematen dituzten tresnak eta segurtasun-jardunbideak; sistemetara, kontuetara edo wifira sartzeko pasahitz seguruak erabiltzea; hodeian datuak segurtasunez partekatzeko jardunbide egokiak; nortasuna lapurtzea ekiditea; dokumentu sentsibleak modu digitalean sinatzea; eta fitxategi garrantzitsuen segurtasun-kopia programatuak egitea.

Inplantalariak zerbitzuak eskaintzen du teknologia-aholkularitza eraldaketa digitala gauzatzeko, doan. Enpresa-lehiakortasuna hobetzen laguntzeko asmoz, teknologia ezartzen du modu praktikoan, pertsonalizatuan eta neurrikoan; horretarako, Elektronika, Informazioa eta Komunikazio Teknologiak (EIKT) erabiltzen dituzte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun