Keltse Eiguren Berdintasun zinegotziak azaldu duenez, "helburua da jai parekide eta eraso sexista bakoez gozatzea; aldi berean, eskatzen dugu edozein erasoren aurrean, beste alde batera ez begiratzeko, salatzeko eta biktimari laguntza emateko. Nabarmendu eta zabaldu gura dugu jaietan denak ez duela balio, eta EZ beti dela EZ; eta behin eta berriro saiatzea jazarpena dela; eta jazarpena, erasoa”, gogorarazi du. Kanpaina esku bat izango du ikur, eta goiburua, berriz, "Getxon, planto eraso sexistei!" izango da; bata zein bestea udalerriko jaietan eraso sexisten kontrako jarreraren irudi eta sinbolo izango dira. Hala, ikur hori ikusgai izango da hainbat ekintza parte hartzailetan, eta baita totem, pegatina, kartel eta bus eta metroko publizitatearen bitartez ere.
Ekimena jaiz jai
Eraso sexisten kontrako kanpainak herritarren partaidetza lortu gura du jai nagusietan aurreikusitako jarduera banatan. Hala, kanpainaren irudiagaz 100 metro koadroko mosaiko laukia osatuko dute, 100 kartelakaz, pertsona bakoitzak eskuetan kartel bana sostengatuta. Ekitaldi bakoitza baino ordu bi lehenago, dinamizatzaile bi ibiliko dira dagokion jai-eremutik kanpainaren edukien gainean jendea sentsibilizatzen eta mosaikoan parte hartzera gonbidatzen. Udalak Itxas Argia elkartearen eta jai-batzordeen laguntza izango du ekimenak aurrera eroateko.
Egitaraua
Uztailak 22, domeka, Paellen Eguna
- 11:30ean izango da hitzordua, txosnen aurrean.
Uztailak 28, zapatua, Algortako San Inazio jaiak
- 14:00etan, San Nikolas plazan.
Abuztuak 1, eguaztena, Itzubaltzetako jaiak
- 19:00etan, Santa Eugenia plazan.
Abuztuak 12, domeka, Portu Zaharreko jaiak
- 13:30ean, Portu Zaharreko zelaian.
Irailak 21, barikua, Areetako Ama Mesedetako jaiak
- 18:30ean, Areetako Eskoletako plazan.
Sare sozialetan ere
Bestalde, Udalak totem bi ipiniko ditu kanpainaren irudiagaz, eta hainbat informazio banatuko du aipatutako jaietan. Argibide horiek eskuorri baten bitartez zabalduko ditu Udalak, "eraso sexistak prebenitzeko, eta eraso baten aurrean jokatzeko aholkuagaz", Berdintasun Arlotik azaldu dutenez.
Jaiek irauten duten bitartean, Udalak bideo labur bat zabalduko du, gizarte sareen bitartez, getxoztarrak gonbidatzeko eraso sexista bako jai parekideetan parte har dezaten. Ekimen horretan parte hartu dute udalerriko kultur, kirol-, gizarte edo musika-esparruetako hainbat pertsona ezagunek. Modu berean, mosaikoen egite-prozesuetan grabatutako irudiak eta bideoak ere zabalduko dituzte.