Saharako errefuxiatuei laguntza eman die Getxoko Udalak

Iker Rincon Moreno 2018ko uzt. 19a, 16:58

Saharar errefuxiatuen kanpamenduak, artxiboko irudian. © GETXOKO UDALA

Getxoko Udalak Sahararen aldeko ATFAL elkarteari 36.000 euroko diru-laguntza ematea onartu du, Tindoufen (Aljeria) dauden Saharako errefuxiatu-kanpamenduetan bizi den populazioari laguntza emateko.

Irantzu Uriarte Garapeneko Lankidetzarako zinegotziak nabarmendu duenez, helburua da kanpamenduetan bizi diren sahararren bizi-baldintzak hobetzea, "autodeterminazio-erreferenduma egitearen zain daudela". Gogoratu duenez, Getxoko Udala senidetuta dago Saharagaz; 1996. urtean, Udalbatzak aho-batez hartu zuen akordio hori.

Onartutako laguntzak hiru atal izango ditu. Lehenengoa Oporrak Bakean ekimenerako da; horren bidez, saharar umeak badatoz uda ematera familia getxoztarrakaz, adingabeen osasuna hobetze aldera; aurten sei mutil eta lau neska etorri dira. Bigarrena Saharako populazio errefuxiatuaren aldeko giza ekintzako proiektu baterako da, oinarrizko elikagaien hornidurako eta kanpamenduetan dauden Hezkuntza Bereziko Zentroen lana indartzeko, besteak beste, jostunen eta aroztegi tailerrakaz. Hirugarrena izango da urteroko karabanarako, saharar errefuxiatuen kanpamenduetara jateko produktuak eta higienikoak eroan ditzan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun