Jarduera horren helburua da tailerrean parte hartuko dutenei naturaren argazkigintza hurbiltzea, eta bereziki makro-argazkigintza, xehetasun txikienak eskala handiago batean erakusten dituen modalitatea. Modalitate horren ardatz dira, nagusiki, landareak, intsektuak eta anfibio eta narrastiak ere.
Tailerraz Egoitz Ikaza astrabuduarra arduratuko da; gaztea den arren urteak daroatza naturaren argazkiak egiten bere kameraz. Gure ingurune hurbilenean bizi diren espeziak eta horiek duten garrantzia erakutsi gura du Icazak, inguratzen gaituzten naturaguneak ezagutzeko eta horiek baloratzeko.
Gaur egun, Ikazaren helburua da "irudi bakoitzari bereizgarri bat ematea da, irudi erakargarri bat eta benetan txundigarria den beste baten arteko diferentzia ezarriko duen 'zerbait' hori ematea, alegia". Makro-argazkigintzako tailer horren bitartez, denboraren poderioz bereganatu dituen ezaupideak transmititzen ahaleginduko da, baita modalitate horretan gehien erabiltzen diren teknikak erakusten ere.
Tailerrak atal bi izango ditu: teorikoa barikuan egingo da, hilaren 27an, 19:00etan Villamonteko kultur aretoan. Saioan aipatutako modalitateko oinarri fotografikoa, erabilitako teknikak eta fotografiatuko diren motiboen gaineko informazioa azalduko dira; bigarren atala, praktikoa, zapatuan izango da, hilaren 28an, mendira joanez, 08:30etik aurrera. Teorikoan ikasitakoa probatzen saiatuko dira parte-hartzaileak, intsektu zein landareei argazkiak ateraz.