Begoña jauregiko galeriak, BEAU arkitektura-bienaleko finalistak

Iker Rincon Moreno 2018ko uzt. 20a, 11:23

Lanak iaz aurkeztu zituzten. © GETXOKO UDALA

Begoña jauregiko galeriek euren lekua daukate Espainiako Arkitektura eta Hirigintza Bienalean (BEAU); atzo inauguratu zen feria hori Santanderren, eta datozen bi urteotan Estatu espainiarrean eta munduko hainbat lekutan izango da. Arkitektura eta Hirigintza Bienalak Algortako eraikinean egindako zaharberritze-lana hautatu du finalista, arkitekturari aplikatuta egin duen ikerketa dela eta.

Azken urte bietako arkitektura-proiektu onenak ikusgai egongo dira Bienalaren katalogoan, baita Estatuko eta nazioarteko espazio esanguratsuetan egingo diren aurkezpen, erakusketa, tailer eta denetariko jardueretan ere. Hautatutako proiektuen artean egongo da Getxoko Begoña jauregiko galeriak zaharberritzeko eta haiei balioa emateko prozesua. Bertan egin diren ikerketa-lanak eta lanok webgunearen bidez erregistratu eta gizarteratzeko modua ikusita, Bienalak proiektua saritzea erabaki du, eta Ikerketa Erakusketako finalista izendatu du. Getxoko Udalak eta EHUk uste dute "garrantzi handiko esker ona da, ematen duen Foroagatik zein lehiatu diren eta hautatuak izan diren gainontzeko proiektuengatik eta baita zabaltzeko suposatzen dituen aukerengatik ere, Katalogo ofizialean agertzeak nazioarteko ibiltaritza bermatzen baitu".

XIV. BEAU "Arkitektura gehiago bizi, hiria gehiago humanizatu" goiburu pean egingo da; horrek bat egiten du Begoña jauregia zaharberritzeko planteamenduagaz: irekia, gardena, parte hartzailea eta jendeak erabili eta gozatzeari bideratua.

BEAUk, Obren Panorama eta Ikerketa Erakusketa kategorietako eskakizun zorrotzak betetzen zituzten ehunka lan aztertu ostean, bere katalogo ofiziala osatuko duten proiektu finalistak eta sarituak aukeratu ditu, hala nola Begoña jauregiko galeriak zaharberritzeko eta balioa emateko prozesua. Horregaz batera agertuko dira katalogoan izen handiko beste proiektu eta talde batzuk ere; besteak beste, Alejandro Zaera-Polo, Rafael Moneo, Almudena Ribot, Federico Soriano eta Peter Eisenman.

Begoña jauregiaren kasuan, sariak are balio handiagoa dauka, proiektua garapen-fasean dagoelako; gainera, bertako ikerketa praktikan aplikatzen da erabat, eta emaitzak jendarteari helarazten zaizkio denbora errealean.

Sari horrek bultzada emango die Getxoko Udalari eta Euskal Herriko Unibertsitateari, elkarregaz diseinaturiko bide horri modu koordinatuan beharrean jarrai diezaioten, elementu hondatu eta abandonatu bat gizartearen zerbitzura egongo den baliabide aktibo bilakatzeko helburuz.

Modu berean, sari horrek aukera handia emango du euskal unibertsitate publikoak inoiz hasi dituen ikerketa erronka handienetako bat zabaltzeko eta nazioartekotzeko, udal-proiektuaren zerbitzura jartzen baitu diziplinaz haraindiko plataforma bat. Izan ere, ekimenean parte hartzen dute Kimika Analitikoko, Hidrogeologiako, Geoteknia eta Ingurumeneko, Ondare Eraikiko eta Kultura Ondareen Kontserbazioko taldeek, Kultur Paisaiak eta Ondarea Unesco Katedragaz batera.

Proiektuak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa dauka; Jaurlaritzak, gainera, Euskadiko 2020rako proiektu estrategikoen zerrendan sartu du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun