Getxoko Paella Egunak ingurumenari kalte larriak eragiten dizkiola salatu dute

Iker Rincon Moreno 2018ko uzt. 23a, 11:02

Hondakinak Aixerrotan, Paella Egunaren ostean. © EKOLOGISTAK MARTXAN

Getxoko Auzokideok elkarteak eta Ekologistak Martxan eta Eguzki kolektibo ekologistek eskatu diote Getxoko Udalari neurriak hartzeko, urtero Aixerrotako pinudian eta zelaietan ospatzen den Nazioarteko Paella Lehiaketaren inguruan sortzen diren "ingurumen-kalte larriak" konpontzeko.

Auzokideok elkarteak 2012tik salatu izan du pinudiak narriadura jarraitua, Ekologistak martxan taldeak gogorarazi duenez. Izan ere, arbuiatu dutenaren arabera, urtero dozenaka zuhaitz mozten edo kaltetzen dituzte. Gainera, kexatu dira lurrean porlana bota izaten delako eta flora erre eta desagerrarazi delako, sortzen diren hondakinez eta kutsaduraz gainera.

Halere, auzotarrek eta ekologistek argi dute "gehiegikeria" horiek Nazioarteko Paella Lehiaketatik kanpo egiten direla eta azpimarratu dute Itxas-Argia elkarteak antolatutako txapelketak "ingurumenerako kalte oso txikia" eragiten duela. Ostera, salatu dutenez, "oihanpearen inbasioa Udalaren onespenagaz egiten da". Hala, kritikatu dute basoan kalteak eragiten dituenei sarbideak eta iturriak eskaintzen dizkiela Udalak.

Kolektiboek gogorazi dutenez, "paradoxikoki" Getxoko Udalak konpromisoa hartu zuen oihanpe eta natura-gune horiek babesteko, Udalbatzan hartutako erabaki baten bidez. Hala jasota dago, gainera, HAPOan eta udalez gaindiko arautze-planetan. Beraz, Udalari eskatu diote basoa babesteko bere ardurari hel diezaion: "zuhaitzen mozketek eta basakeriek gaur egungo erritmoari jarraituz gero, basoari eta bere espeziei bizitza-urte gutxi geratzen zaizkio". Dena den, ohartarazi dute dena txikituta gera daitekeela bat-batean: "basoa inbaditzen pertsonen bat sortutako sute batek baso osoa kaltetuko luke modu lazgarrian".

Salaketa Guardia Zibilean

Ildo horretan, Getxoko Auzokideok plataformak salaketa ipini du Sepronarena aurrean, Guardia Zibilak natura zaintzeko daukan zerbitzuaren aurrean, Aixerrotan Bizkaiko Mendien 21/2015 Legea urratzen delakoan. Lege horrek babesten du flora eta fauna autoktonoek modu naturalean garatzea. Gainera, zimentazioek urra dezakete Uraren Legea, lurrazpiko urak kutsa dezaketelako, akuiferoak zaurgarritasun-egoeran dauden leku batean. Getxoko Auzokideok elkarteak gogorarazi duenez, EAEko Ingurumena Babesteko Legeak behartzen ditu herritar eta administrazio denak "ingurumenaren gaineko eraginak txikitzen eta kalteak zuzentzeko neurriak ezartzen". 29. artikuluan, legeak dio lurra babestea jabeen eta administrazioen ardura dela.

Bestalde, hiru taldeek gogora ekarri dituzte Getxoko Udalarentzat behar egiten dituzten teknikoen eta ingurumen-enpresa espezializatuen txostenak. Horietan, Aixerrotako naturagunea habitat bezala kalifikatu dute, bertan hainbat hegazti eta babestutako flora berreskuratzen dabiltzalako, Getxon atzera egiten zebiltzanak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun