Lehenengo estropada, KAE Ligako bigarren taldearen norgehiagoka, 13:30ean hasiko da. Talde horretan lehiatuko dira Getxo Arraun eta Lutxana. Ondoren, ABE Ligaren bandera jokatuko da, beteranoena; hor ere hartuko dute parte eskualdeko Getxo Arraun eta Arkote Beteranoak Batera taldeetako traineru banak. Arrastian, berriz, emakumeen Euskotren Ligako ontziak aterako dira, 18:00etan; Olatz Ortega arraunlari getxoztarrak ere etxean jokatuko du, Orioko elastiko horia jantzita. Ondoren, 18:30ean, TKEk antolatutako gizonezkoen Eusko Label Ligako probagaz amaituko da jardunaldia; arraunaren maila goreneko 12 ontzik hartuko dute parte.
Getxo Arraun, olatuaren gainean
Getxo Arraun klubeko traineruak hasiera bikaina eman dio KAE 2 Ligari, Bermeoko eta Elantxobeko banderen garaipenagaz; hala horixe izango da, zalantza barik, Algortako eta inguruetako publikoaren eta klubaren beraren eragingarri nagusia, ilusioz espero baitute Eneko Van Horenbekeren gidaritzapean dabilen traineruak emaitza on bat lortzea etxean. Hirugarren doaz getxoztarrak sailkapen nagusian, Camargotik zazpi puntura; eta Santoñatik, bakarrera. Aipatzekoa da, gainera, klubeko beteranoen trainerua dela ABE Ligako sailkapeneko liderra; beraz, Portu Zaharreko XI. Ikurrinak ere interes berezia izango du Getxoko zaleentzako.
Álvaro González Kiroletako zinegotziak nabarmendu du espero duela aste-akabua ikuskizuna izatea "lau estropadagaz eta 30 traineru baino gehiagogaz gure kostan. Getxoko zinegotzi gisa, espero dut aurten ikurrina etxean geratzea, Getxo Arraun oso denboraldi ona egiten dabilelako”.
Aurreko urteotan bezala, Getxo Arraun klubari, Getxo Kirolaki eta parte hartzen duten klub denen lanari esker gozatu ahal izango dira lau estropada horiek egun berean. Horrek diru asko aurreztea ahalbidetzen du eta, gainera, udako egun horietan Ereagara eta Kirol-portura joaten diren herritarrei eragiten zaizkien eragozpenak murrizten dira.
Borja Rodrigok, TKEko buruak eskertu ditu "Getxok, gainera jaietan, ekitaldi hau antolatzeko egiten duen esfortzua eta baita kirolaren aldeko apustua, bereziki arraunaren aldekoa", eta harro sentitu da Getxora bertaratu ahal izateagatik, "TKEko hitzordu finkora, iaz estropadaren amaiera bihotz-ukigarria izan zuena".
Azkenik, Elena Zamora Getxo Arrauneko zuzendariak, estropaden ordutegien berri eman du eta publiko ugari hurbilduko dela eta, gomendatu du "estropadak ikustera oinez hurrera daitezkeenek horrela egin dezatela, ingurumenagaz gozatzen, eta ahal den neurrian ibilgailua hartzea ekiditen".
Traineruen ordena
TKEk gogorarazi duenez, ohikoa den bezala Eusko label eta Euskotren ligetako estropadak lerro formatuan jokatuko dira eta irteera eta helmuga Portu Zaharraren ondoan izango dira, zaleentzat ipiniko den gunean. Txanden ordena sailkapen orokorraren araberakoa izango da, beraz, lehen txandan Tiran Pereira, San Juan Sumelec, Kaiku Producha eta San Pedro arituko dira; bigarrenean Ondarroa Cikautxo, Donostiarra, Cabo eta Santurtzi Iberdrola; eta ohorezkoan Orio Babyauto, Zierbena Bahias de Bizkaia, GO fit Hondarribia eta Urdaibai Avia, Eusko Label Ligako liderra, lehiatuko dira. Emakumetan, Hondarribia Bertako Igogailuak, GU Arraun, Orio Babyauto eta San Juan Iberdrola arituko dira Getxoko X. Ikurrina irabazteko.