BentaraNoa ekimenak arlo publikoa kudeatzeko "paradigma berriak" lantzen ditu, NovaGoben ustean: "gardentasuna, lankidetza eta hiritarren partaidetza oinarri hartuz". Amaia Agirre Getxoko Udaleko Komunikazio, Herritarren Partaidetza eta Gardentasun zinegotziak garrantzia eman dio sariak dakarren babesari: "Udala oso pozik dago lankidetza publiko eta soziala lantzen duen proiektu horrek eta lokal historikoa berriro irekitzeko lanean dabilen hiritar-taldearen jardun egokiak jaso duten aintzatespen garrantzitsu horrengatik". Gainera, eskerrak eman dizkie ekimenean parte hartzen dabiltzan pertsona denei prozesua bultzatzen jarduten duen talde teknikoari".
NovaGob komunitateak NovaGob Excelencia izeneko sariak ematen hasi zen duela hiru urte. Honakoa da sarion helburua: administrazio publikoek euren prozeduretan eta hiritarrenganako arretaren arloan bideratzen dituzten eginera egokiak eta ahaleginak ikusaraztea. NovaGobeko gizarte-sarean 10.000 bat pertsonak parte-hartzen dute.
BentaraNoa proiektuak Gobernu Irekiaren arloko ekimenik onena izateko hautagaitza aurkeztu zuen, beste 11 egitasmo gehiagok legez. Lehenengo botazio-prozesuan, BentaraNoa hiru finalisten artean aukeratu zuten. Ondoren, deliberamendu-prozesuaren ostean, epaimahaiak Gobernu Irekiaren arloko ekimen onenaren accesita eman zion BentaraNoa proiektuari. Saria emateko ekitaldia urriaren 24an izango da Toledon, Berrikuntza Publikoari buruzko V. Biltzar Iberoamerikarrean. Horrezaz gainera, BentaraNoa egitasmoa sartuko dute hiritarren partaidetzaren alorreko eginera egokien argitalpen batean; Novagobek udagoienean argitaratuko du, Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioagaz (FEMP) eta Castellóko Diputazioagaz elkarlanean.
Prozesuaren nondik norakoak
BentaraNoa partaidetza-prozesuaren helburu nagusia Benta udal-eraikina berriro irekitzea da, Getxoko hiritarren laguntzagaz. Lehenengo fasean, entzunaldi-prozesua gauzatu zen; prozesu horretan ehun bat pertsonak esku hartu zuten, eta haiek 200 proposamen inguru planteatu zituzten. Ondoren, Getxoko Udalak topaketa bat antolatu zuen, gunea kudeatzeko ekimenak aurkeztu eta horien gainean berba egiteko. Hala, ekimen horiek ekonomiaren, antolabidearen, programazioaren, komunikazioaren eta ingurumenarekiko harremanen alorretan zeukaten eragina ezagutu zuten. Jardunaldi horren ondorioz, gonbidapena egin zuten Benta eraikina berriro zabaltzeko ahaleginetan parte hartuko zuten hiritarren kolektiboa eratzeko; hala gertatu da, egun BentaraNoa elkartea eratuta baitago.
BentaraNoa egitasmoa Getxoko Udalak Gobernu Irekiaren arloan abiatutako lan-ildoaren baitan dago. Honakoa da, hain zuzen ere, bere helburua nagusia da Udala hiritarrei hurbilaraztea "eta hiritarren eta Udalaren arteko lankidetza sorraraztea, gure udalerriaren bizi-kalitatea eta kudeaketa hobetze aldera", Amaia Agirrek gogorarazi duenez.