Gizonezko bat atxilotu dute emaztea bere lantokian erasotzea egotzita

Iker Rincon Moreno 2018ko abu. 1a, 13:45

Uztailaren 5ean bortxaketa-saiakera bat gaitzesteko elkarretaratzea egin zuten alderdi politikoetako ordezkariek. © GETXOKO UDALA

Getxoko Udaltzaingoak gizonezko bat atxilo eroan zuen atzo, genero-indarkeria delitua egotzita; bere emaztea eraso zuen udalerriko merkataritza-establezimendu batean lanean zegoela, polizia-iturriek azaldu dutenez.

 

Esan legez, atzo, martitzenean, uztailaren 31n, izan  ziren gertakariak, 18:35 aldera. Udaltzainak bertaratu ziren eta gizonezkoa atxilotu zuten. Atxiloketaren ostean, epailearen aurrera eroan zuten genero-indarkeria delitua egotzita.

Keltse Eiguren Berdintasun Zerbitzuko zinegotziak ustezko erasoa gaitzetsi du eta berriro azpimarratu du indarkeria sexista giza-eskubideen urraketa larria dela; eta, aldi berean, tratu txar fisikoak edo psikikoak jasaten dituzten emakumeak Gizarte Zerbitzuetara (944 660 151) jotzeko animatu ditu; "han egoeratik ateratzeko laguntza emango diete", udal-arduradunen arabera. Eigurenek gogoratu du Udaltzaingora (944 660 202) edo Ertzaintzara (944 063 420) ere joan daitezkeela, eta Eusko Jaurlaritzaren tratu txarren biktimen telefono zenbakira (900 840 111) eta SOS Deiak (112) zerbitzura deitu ere bai.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun