"El Correo" egunkariak zabaldutako bertsioa Espainiako hainbat hedabidetan izan du oihartzuna; berbarako, "La Razon" egunkarian. Halaber, Euspel eta ErNE bezalako sindikatuek azalpenak eskatu dituzte eta martitzenean bertan zeuden polizien "babesgabetasuna" salatu dute.
Bitartean, Getxoko Udalak zabaldutako prentsa-oharrean irakur daitekeenez, 05:45ean izan ziren gertaerak: "daborduko kontzertuak eta dantzaldiak amaituta zeuden eta ezin zen musikarik egon". Orga Basagoiti Etorbidean konfiskatu zuten udaltzainek, San Nikolas plazatik gertu. Hainbat lekukok diotenez, kalez jantzita zeuden poliziak. Udal-agintarien arabera, "inguruko bizilagunei molestiak sortzen zebiltzan".
Udalaren gaitzespena
Bertsio ofizialaren arabera, agenteek orga desmuntatzen zebiltzala Sarrikobaso eta Telletxe kaleen artean zegoen furgonetan sartzeko, gazteak joan ziren pilatzen inguruan. "Behin orga ibilgailuan sartuta eta auzokideei sortutako molestiak konponduta zeudenez, liskarrak saihesteko asmoz, agenteek joatea erabaki zuten; eta aparatua komisariara eroan zuten", udal-iturriek azaldu dutenez.
Horren ostean, hainbat gaztek edukiontzi batzuk irauli zituzten; "baina, istilu larriagorik ez zen gertatu", Udalaren arabera. Hala ere, gertatutako gaitzetsi du Udal Gobernuak eta polizien "profesionaltasuna" azpimarratu du.