Ondo-etorria eman ondoren, espedizioko kideak zoriondu zituen Iturbek: "Pozik egongo zarete abentura osatu duzuelako. Harro sentitzen gara, berton amaitzen duzuelako eta zuen helburuak partekatzen ditugulako, Getxon euskaraz bizi ahal izateko etengabeko esfortzua egiten ari garelako”.
Done Jakue bideko hainbat ibilbide jarraituz Euskal Herriko zazpi lurraldeak zeharkatu ditu (783 kilometro, horietatik 420tik gora oinez) Euskarabenturak: lurralde bakoitzean euskarak bizi duen errealitatearen berri izan dute gazteek; gazteen arteko sareak sortu dira; ondare material eta inmaterialaren (kulturalak, historikoak, artistikoak, musikalak, kirol arlokoak, herri-mugimenduekin lotura dutenak…) ezagutzan sakondu dute; ingurumenarekiko errespetua eta zaintzaz arduratu dira; eta toki ugari bisitatu dituzte. Berbarako, Ekainberri eta Santimamiñeko kobazuloak, Donemiliaga Kukulako Suso eta Yusoko monastegiak, Done Jakue bidea bera, Orreaga, Añanako Gatz Harana, Albaola Itsas Kultur Faktoria, euskal kostaldeko Geoparkea, Bizkaia Zubia…
Euskarabentura elkarteak antolatu du ekimena, eta horretarako erakunde publiko eta pribatu ugariren babesa eta laguntza izan ditu, horien artean Getxoko Udalarena. Eta horregatik, emandako laguntza eskertu diote elkartekoek Udal honi.