Bizkaia Zubia apaindu du Pablo Zabala getxoztarrak

Iker Rincon Moreno 2018ko abu. 9a, 17:07
Pablo Zabala EHUko Pintura masterreko ikasleak "Gris" margolana egin du Bizkaia Zubia apaintzeko, 125. urteurrenean. © TERE ORMAZABAL / EHU

Bizkaia Zubiak 125. urteurrena ospatuko du pintura-konposizio bategaz, zeinak Nerbioko itsasadarraren meatze- eta industria-iragana gogoratzen duen. EHUko Arte Ederren Fakultateko Pintura masterreko ikasle Pablo Zabala getxoztarrak egin du "Gris" izenburuko murala.

"Itsasadarreko espazioak eta Gizateriaren Munduko Ondareko zubiak eratu dituzte pintura-muralaren arauak. Horrela murala lau piezak osatzen dute, bina itsasadarraren ertz bakoitzean", azaldu du Zabalak. Kanpoko estalduren dekorazioa terrazetatik eta zubiko pasabidetik bertatik ikus daiteke.

Artistak lau pieza dituen mural bat egin du, zubiaren ontzitxorako sarbideen estaldurak apaintzeko. "Espazioak berak ezarri ditu lanaren arauak; horrela, gris industriala eta itsas-argien gorria eta berdea elkartzen dira. Muralak itsasontzi biren sarrera eta irteera irudikatzen ditu; ontziek kea botatzen dute igarotzean, itsas-argiek berdez tindatutakoa ezkerraldean, eta gorriz eskuinaldean”, adierazi du Pablo Zabalak. Era berean, "pintura-lanean ipar-mendebaldeko haizea irudikatzen da, ohikoa Kantauriko itsasoan, eta elementu oso garrantzitsua, zeren bere agindupean mugitzen da kea", gaineratu du autoreak.

Lana egiteko, EHUko ikasleak espazioak berak dituen oztopoak gainditu behar izan ditu, murala zubiaren ontzitxoaren sarbidearen kanpoko estalkietan pintatuta dago-eta. Murala Bizkaia Zubiko itsasadarreko bi ertzetako terrazatik eta itsasgoraren mailaren gainetik 45 metroko altueran dagoen pasabidetik ikus daiteke. Obra hori Bizkaia Zubiko 125. urteurrenaren ospakizunaren parte da. Zubia 2006tik Munduko Ondare da.

Artista gaztea

Pablo Zabala (Getxo, 1994), EHUko Arte Ederren Fakultateko graduatua, Pintura masterra bukatzear dago. Bere lanak batzen ditu pintura-murala eta astoko pintura neurritsuagoa. Pintura-lehiaketa batzuetan ere hartu du parte, besteak beste, 2017an Malagako Art Fair, Nazioarteko Garaikideko Arte Azokan eta Baliko (Indonesia) Tropic Mural Festibalean. Halaber, sari hauek irabazi ditu: Ordizian (Gipuzkoa) GoiArt Arte Plastikoen VIII. Lehiaketaren bigarren saria 2016an; eta Amorebieta-Etxanon (Bizkaia) Enrique Rentería "Zintzilik" pintura-txapelketako lehenengo saria, 2017an.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun