"Dispertsioaren eraginez" Aitor Cotano preso algortarrak ezin izan dio aitari azken agurra eman

Iker Rincon Moreno 2018ko abu. 10a, 23:39

Herrikide bat Aitor Cotanoren argazkia eskuan.

Aitor Cotano Sinde euskal preso politikoaren aita zendu da gaur, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. Gaixorik zegoen aita, Jose, bisitatzeko baimena eskatu eta jaso ostean, 1.050 kilometrora dagoen Puerto III (Cádiz, Espainia) espetxetik mugitu dute egunotan gatibu algortarra, eta gaur goizeko 10:00etan heldu da Zaballako espetxera.

Etxeratek salatu duenez, "12:00ak arte ez du aukerarik izan bere etxera hots egiteko eta ordu horretan jakin du Aitorrek bere aita goizeko 11:00etan zendu dela. Zoritxarrez ezin izan dio aitari azken agurra eman".

Etxerat elkarteak "dolumina eta elkartasun sentikorrena" helarazi dizkio Cotano-Sinde sendi denari eta, berriro ere, "mendekuan oinarritzen den dispertsioa eta espetxe politikaren salbuespeneko neurriak behingoz amaitzea" exijitu du.

"Aski da! Hilabete luzeak joan dira aita larri gaixo zegoela, baina Aitor Cotano euskal preso poilitikoak ezin izan du ikusi, 2.000 kilometro luze tarteko, eta horregatik salatzen dugu euskal preso eta haien senide eta gertukoen sufrimendua muturreraino eramaten dutela behin eta berriro. Eskubideez ari gara eta horregatik irmoki salatzen dugu Aitor eta gaionentzeko euskal preso eta iheslari guztiak eta haien senide eta gertukoek pairatzen duten eskubideen urraketa, Euskal Herrian egon beharko liratekeelako", azaldu du euskal preso politikoen senideen elkarteak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun