Ekimena MAPFRE Fundazioak eta Bandera Urdinak ipini dute abian, Getxoko Udalagaz lankidetzan. Uretan istripuak saihesteko eta larrialdietan zelan jokatu ikasteko argibideak ematea da helburua.
Sorospen-teknikariek 12:00etatik 20:00etara emango dituzte azalpenak, hondartzan paratutako hainbat karpatan. Besteak beste, pertsona helduek 14 urtetik beherakoak ondo zaintzearen garrantzia azpimarratuko dute. Adin-tarte horretakoak dira itota hildakoen % 4. Hala ere, 60 urtetik gorakoak dira modu horretan hiltzen direnen gehiengoa. Ia erdia, hain zuzen. Sorospen-teknikarien Espainiako elkartearen arabera, 542 hil ziren itota 2017an.
Adingabekoen zaintzari dagokionez, teknikariek gogoraraziko dute helduaren eta ume txikienen arteko distantziak, uretan daudenean, beso baten luzerarena izan behar duela gehienez. Bestelako aholkuak ere mango dituzte, horietako batzuk ondo ezagunak izan arren beti errespetatzen ez direnak: beti lagunduta hartzea bainua, uretara sartu aurretik bustitzea, eguzkitan luzeegi ez egotea, otordu oso oparorik ez egitea...