Zaintza egiten duten pertsonentzako urte osoko ikastaroak eskainiko dituzte Getxon

Iker Rincon Moreno 2018ko abu. 27a, 14:08
Irailetik ekainera arte iraungo dute tailerrek. CELIA HERNANDEZ / SALVADOR FENOLL (CC-BY-SA)

Aurreko urteetan bezala, mendekotasun-egoeran daudenen zaintzaileentzako tailerrak emango ditu Getxoko Udalak 2018/19 ikasturtean, dohainik. Irailaren 12ra arte egongo da zabalik izena emateko epea.

Bizkaiko Foru Aldundiak egiaztatutako mendekotasun-egoeran daudenen zaintzaileak izan daitezke ikastaroen hartzaileak. Aurten, lehenengoz, kurtso osoko iraupena edukiko dute, 2018ko irailetik 2019ko ekainera arte. Interesa dutenek Hiritarren Arretarako Bulegoetara jo beharko dute izena emateko. 

Ikastaroetako bi berriak izango da aurten, aurreko edizioetan parte hartu duten zaintzaileen eskariei jaramon eginda: osatze naturalaren gaineko tailerra, 36 ordukoa, eta doluaren gainekoa, 40 ordukoa. Lehenengoa martitzenetan emango dute Itzubaltzetan eta Algortan, eta bigarrena eguaztenetan Algortan.

Bestalde, mantendu egingo dira iazko edizioan martxan ipinitako tailer bi: esku-hartze dualen gainekoa (146 ordu), eta partekatutako aisialdiari eskainitakoa (42 ordu). Biak ere eguenetan emango dituzte, bai Algortan bai Itzubaltzetan.

Horrez gainera, ohiko ikastaro hauek eskainiko dira:

  • Taldeko laguntza psikologikoa (296 ordu)
  • Erlaxazioa (156 ordu)
  • Estimulazio kognitiboa (144 ordu)
  • Jausteari aurre egitea eta leku batetik bestera mugitzea (20 ordu)

Ikastaroak ez ezik, belaunaldien arteko ekimenari eutsiko zaio, eta hala, hainbat ikastetxetako umeak bisitan joango zaizkie egoitzetan dauden adinekoei.

Informazio gehiago eskura daiteke 94 466 01 51 telefono-zenbakira deituta.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun