Burmuineko paralisi baten ondorioz hanken mugikortasuna galduta dauka Jorge Pineda gazteak. Jaiotzean medikuek esan bazuten ere ezin izango zuela inoiz oinez ibili, lau urtegaz lortu zuen lehen pausoak ematea. Bizitza osoan kirolean ibili da, eta azken urteetan arrauna izan da beraren espezialitatea.
Nazioarteko Arraun Federazioak (FISA) egokitutako arraunketa egiteko ematen duen sailkapena aurten bertan eskuratu du Pinedak, Italiako Gavirate herrian egindako proba batean. Gaur egun, bera da sailkapen horretan dagoen Espainiako Estatuko arraunlari bakarra. FISAk, garapen-programa baten bitartez, irailaren 9tik Plovdiv-en (Bulgaria) egingo den Munduko Txapelketan parte hartzera gonbidatu du Getxoko kirolari gaztea, eta honenbestez Espainiako taldeagaz joango da bertara.
PR2 M1x modalitatean lehiatuko da Jorge Pineda, hau da, bakarka eta jesarleku finkoaren gainean. Haren hurbilekoek HIRUKAri adierazi diotenez, gustatuko litzaieke Pinedak Munduko Txapelketan parte hartzea pizgarria izatea "desgaitasunen bat daukaten gazteak kirolera eta bereiziki arraunera erakartzeko", haientzat oso lagungarria izan daiteke eta.