Getxoko Folk jaialdia: musika oholtzan eta musika kalean

Iker Rincon Moreno 2018ko ira. 12a, 14:40
© READING PIPE BAND

Getxoko 34. Nazioarteko Folk Jaialdiaren hasiera dela eta, bihar, eguenean, Reading Pipe Band banda eskoziarrak joko du Bilbon.

Saioa 11:00etan izango da, Bizkaiko Foru Jauregiaren (Kale Nagusia, 25) aurrean. Bertan, foru-agintariek agurtuko ditu taldeak eta, jarraian, kalejira egingo du Kale Nagusian zehar Areatzaraino.

Irailaren 13tik 16ra, Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat taldek doinuz beteko dituzte Areeta eta Itzubaltzeta inguruak, eta kulturen arteko adiskidetasuna bultzatzeko hainbat ekimen ere egingo dira jaialdiaren 34. edizioan.

Areetako Geltokia plazan egingo dira aurtengo kontzertu guztiak, hamar guztira, hiru ordutegitan: 18:30, 20:30 eta 23:00. Leku berean ipiniko dute Gune Solidarioa, hainbat Gobernuz Kanpoko Erakunde eta elkarteren erakustokiak bilduko dituena. Ibaiondo kalean, berriz, Munduko Eskulanen Azoka egongo da, eta Itzubaltzetako Santa Eugenia plazan, Munduko Terraza, nazioarteko jakiak dastatzeko aukera emango duena. Terrazan umeentzako jarduerak antolatuko dira, gainera.

Musikari dagokionez, 20:30ean ematen diren kontzertuak izango dira jaialdiaren bizkarrezurra. Horiek ordainpekoak izango dira, eta gainerakoak doakoak. Lehenbiziko egunean Korrontzi taldeak joko du ordutegi horretan; Donostiako Zinemaldian emango den "Basque Selfie" filmaren soinu-banda lehenengoz joko dute jende aurrean. Iruñeko Hiri Orkestragaz, Oscar Ibañez, Xabier Berasaluze "Leturia" eta Garikoitz Mendizabal musikariakaz eta zenbait dantzarigaz elkarlanean jardungo dute Getxo Folken.

Bigarren eguneko kontzertu nagusia Txarango kataluniar taldeak eskainiko du. Euren herriko erritmoak Karibekoakaz eta Mediterraneoko beste eskualde batzuetakoakaz uztartzen dituzte. Euskal Herriko hiru musikarigaz batera joko dute Getxon: Pello Reparaz, Xabi Solano eta Zuriñe Hidalgo.

Hirugarren eta laugarren egunetan Greziako Eleftheria Arvanitaki kantaria eta Britainia Handiko Farport Convention taldea izango dira protagonistak. Bigarrenek 50 urteko ibilbidea ospatuko dute Getxo Folken.

Doako kontzertuen artean, azpimarratzeko modukoak dira arpa-jotzaileak: Olatz Zugasti euskalduna batetik, eta Lulavai galiziar taldea bestetik. Manuel Luna eta Ghost Number & His Tipsy Gypsies ere egongo dira oholtza gainean, besteak beste. Horiez gain, kaleak girotuko dituzte Eskozia, Frantzia, Katalunia eta Bizkaiko hainbat taldek, 19:00etan aurrera. Irailaren 15ean desfile handia egingo da Bizkaia Zubitik hasita, Areetako Kale Nagusian zehar.

Lotura honetan ikus daiteke egitarau osoa, baita sarrera-salmentaren gaineko informazioa lortu ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun