EHNE Bizkaia sindikatuaren Facebook orriaren bitartez egin du UKagroasanbladak jazotakoaren kontakizuna eta salaketa. Azaldu dutenez, joan den astelehenean aipatutako baserritarra bendejagaz zebilen Itzubaltzetan, elizako aterpean, eta udaltzainak berarengana joan eta handik alde egiteko eta berriro saltokirik ez ipintzeko esan zioten.
Poliziakaz eztabaidatu ostean, baserritarrak dena batu eta joan egin zen, genero gehiena salduta zeukan eta. Hala ere, datorren astelehenean, irailaren 3an berriro leku horretara bueltatzeko asmoa agertu du. UKagroasanbladak deia egin du hari babesa eman eta elkartasuna adierazteko bertara joateko, 17:30 eta 20:30 bitartean.
"Herrietako bezeroei gure produktuak gerturatu eta zuzenean saldu ahal izateko, baserritarrek beti euren esku izan duten baliabidea izan da bendeja", adierazi dute; "Uribe Kostan gabiltzan baserritarrok ere aukera eta kultura hori baliatu nahi dugu, bestelako interes ekonomikoen gainetik. Beharrezkoa iruditzen zaigu plazak modu ordenatu eta erraz batean egin ahal izatea. Ez gara delinkuenteak, baserritarrak baizik".