Abian da Getxophoto jaialdia

Iker Rincon Moreno 2018ko ira. 5a, 09:17

Imanol Landa, Monica Allende eta Jokin Aspuru, Getxophoto jaialdia aurkezten. © GETXOKO UDALA

Gaur, eguaztenean, hasiko da Getxophoto, Getxoko Nazioarteko Irudi Jaialdia. Horretan, munduko 20 bat artisten ikus-entzunezko lanak ikusi ahal izango dira, udalerrian zehar kokatutako gune ezberdinetan, irailaren 30era arte. Oraingoan, "Gatazka-ostea, elkarrizketa berreraiki" izango da leloa. Lanok gatazka ekologikoak, politikoak eta gizakien artekoak jorratzen dituzte, baita gatazka ondorengo aldietako ondorioak eta elkarrizketa berreraikitzea ere.

Imanol Landa Getxoko alkateak gogoratu duenez, Getxophotok urtero aurreko edizioaren maila gainditzen du. Jaialdi berritzailea da, parte-hartzailea, gure herria irudiaz, eztabaidaz eta gogoetaz bustitzen duena, lehen mailako egileen sormenaz, hausnarketaz, parte-hartzeaz gozatzeko aukera paregabea eskaintzen duen jaialdia. Gogoratu duenez, "Iaz 80.000 pertsona baino gehiagok bisitatu zituzten kanpoko instalazioak eta 10.000 erakustaretoetara hurbildu ziren. Informazio guneak 5.000 bisita jaso zituen eta beste euskarrietan 3 milioi inpaktu egon ziren".

Egitaraua

Monica Allende jaialdiaren komisarioak esan duenez, "Getxophoton ikusizko adierazpenak jasotzen dira, eta horiek bitarteko ezberdinak erabiltzen dituzte, besteak beste argazkiak, bideoak, artxiboak, instalazioak, arte digitala eta abar, 45 herrialde baino gehiagoko artistenak. Aretoak eta barneko bestelako espazioak ahaztu gabe, erakusketa gehienak kanpoaldean jartzeko sortuak izan dira, esate baterako, kanpoko instalazioetan, fatxadetan, lorategietan, azoketan eta udalerriko beste hainbat tokitan". Horiekaz batera, prestakuntza sustatuko duten eta herritarrakaz topatzea eragingo duten jarduera ugari ere izango dira, besteak beste, tailerrak, hitzaldiak, proiekzioak, gaueko paseoak, itxialdia, zinema oheetan.. Berritasun bezala, lehenengo aldiz, Open Call nazioarteko deialdi ireki batek ahalbideratu du epai-mahai batek aukeratutako horren irabazleak, jaialdiaren egitarauan parte hartu ahal izatea. 47 herrialdetatik heldutako 280 proposamenen artean (ia 5.000 irudi), irabazlea Max Pinckers belgiarraren "Margins of Excess" izan da.

Erakusketen artean dira, besteak beste, Markel Redondoren Espainiako eraikuntza krisia, Luca Locatelliren Alemaniako iraultza energetiko berdea eta Josh Begleyren Ameriketako Estatu Batuen eta Mexikoren arteko muga. Begoñako galeriak jaialdiaren gune estrategikoa izaten segituko du, eta oraingoan, "estatua gatazkan" izeneko erakusketa kolektiboa erakutsiko du, kolonialismo espainiarrari, gerra zibilari eta Euskal Herriko lan metaforiko bati lotutako lanakaz.  Jaialdiak Jump Trump instalazio satirikoa ere izango du, AEBetako presidenteari kritika egiteko.

Jokin Aspuru Getxophotoren zuzendariak esan duenez, "antolatutako jarduerak hilabete osoan zehar izango diren arren, horietariko asko irailaren 5etik 9ra izango dira, egile batzuen partaidetza eta bi esperimentazio tailer, XIX eta XXI". Mendeetako ikusizko kontakizunetan oinarrituta. Lehena Ikononautak, argazkigintzaren begirada eta materialtasuna XIX.mendean, izango da,  Martí Llorens eta Rebeca Mutellen eskutik, eta bigarrena, "In between photographs", nola landu irudia aro digitalean, izenburupean eta Der Greif, Leon Kirchlechner eta Simon Karlstetter zuzendari artistikoen eskutik.

Beste eragile eta erakundeen arteko kolaborazioaren haritik, aurtengo edizioan hurrengo toki hauetan ere erakusketak izango dira: Algortako Villamonte kultur etxean, Bilboko Rekalde aretoan eta FNAC-en eta Donostiako Kutxa Kulturan.

Jaialdian ohiko Itxialdia, "Hamaiketakoa", edalontzi-azpiko ibilbideak, eguneko eta gaueko bisita gidatuak eta zinema oheetan izango dira, besteak beste, irailaren 26ra arte, herritarrek aurkeztuko dituzten argazkiakaz batera.

Egitarau osoa eta informazio osagarria: www.getxophoto.com 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun