Imanol Landa Getxoko alkatea izango da etapa hori irteteko pistola-tiroaren aurreko protokolo-ekitaldian, udal-iturriek iragarri dutenez. Izan ere, txirrindularitza kirol-ekitaldi garrantzitsu hori dela-eta Getxo protagonista izango da egun horretan. Landak nabarmendu duenez, "Getxo udalerrian grinaz bizi da txirrindularitza eta zale ugari daude; hori dela eta, kirol-ekitaldi horrek daukan komunikabideen oihartzuna mesede egingo dio herriari".
Modu berean, alkateak Javier Otxoa txirrindularia ekarri du gogora, Punta Galea txirrindulari-elkarteko oinarrizko kategorietan aritu zena eta berriki hil dena. Landak doluminak eman dizkie berriz Otxoaren senide eta lagunei, "Getxo udalerrian oso pertsona maitatua eta preziatua zen".
Tropelean nazioarteko txirrindulari ugari daude eta, euren artean, Jonathan Castroviejo (Sky) itzubaltzetarra. Pelotoia Algortako Kirol Portutik abiatuko da 13:00etan, irteera neutralizatuan. Ondoren igaroko da Arriluze kaitik, Areetako moilako pasealekutik, Txurruka eta Tomás Olabarri moiletatik, eta Máximo Agirre eta Eduardo Coste kaleetatik. Udalerritik aterako da Itsasadarraren errepidetik, Bilborako bidean, eta bertan egingo dute etaparen irteera ofiziala.
"Birziklatu beira eta eragin pedalei" kanpaina
Bestalde, 2018ko Vuelta baliatuta, Ecovidrio eta Getxoko Udala lanean dabiltza herritarrak beirazko ontziak birziklatzeko beharraz kontzientziatzeko. “Birziklatu beira eta eragin pedalei” kanpainaren irudia daukaten binilatutako 5 edukiontzi jarri dituzte udalerriko kaleetan. Edukiontzi horietan birziklatutako beira-ontziakaz trofeo jasangarri bat egingo da, Getxoko etaparen irteeran bertoko agintari batek jasoko duena. Trofeo hori ahaleginaren ikur izango da, bai etapa bakoitzean txirrindulariek egiten duten esfortzuarena, bai herritarrek ingurumena zaintzearren egiten dutenarena.
Hala, “Birziklatu beira eta eragin pedalei” kanpainak txirrindularitzaren zaleek naturarekiko eta ingurumenarekiko duten lotura irudikatzen du; 2018. urtean, berrikuntza gisa, Vueltako 8 etapatan hondakinak bilduko dituzte boluntario-taldeek. Aurtengo Espainiako itzulian abian ipini dituzten ekintzen artean, Ecovidriok "miniglu solidarioa" eskaintzen du 2018ko Itzuliaren oroigarri ofizial gisa, Miniglu.es webgunean eros daitekeena. Hala, salduko diren mila ale bakoitzeko, Ecovidriok eskuz mugitzeko hiru gurpileko bizikleta egokitu bat, handbike bat, emango dio Toledoko Paraplegikoen Ospitale Nazionalari.
Getxoko beira-birziklapenaren gaineko datuak
Iazko datuen arabera, getxoztarrek beirazko 1.835.638 kilogramo sailkatu zituzten denera, hots, batez besteko 23,4 kilogramo biztanle bakoitzeko. Edukiontzi-tasari dagokionez, udalerrian, batez bestean, 241 biztanle daude edukiontzi bakoitzeko; hala, iglu-formako 325 edukiontzi daude beirazko ontzi-hondakinetarako. Ecovidriok adierazi du elkarlan publiko-pribatuan jardun duen 20 urteetan Estatu espainiarrean biztanle bakoitzeko bildutako ontzi-hondakinen kilogramoa %156 igo dela; izan ere, 1998. urtean 6,6 kilogramo biltzen ziren pertsonako eta gaur egun, berriz, ia-ia 17 kilogramo.