Getxoko Gobernu-taldearen herri ereduari "kiratsa" dariola deitoratu du Algortako Ernaik

Iker Rincon Moreno 2018ko ira. 10a, 14:48

Algortako Ernai gazte-antolakundeak Getxoko Gobernu-taldearen herri eredu "elitista" deitoratu du. Dioenez, Getxoko Udalak markatzen ditu "hein handi batean" Algortako gazteen "bizi koordenadak". Horren aurrean, dinamika berri bat abiatuko dutela iragarri dute, Euskal Herrian modu duinean lan, ikasi eta bizi gura dutelako, "ez iraun".

Algortako Ernai gazte-antolakundearen oharra:

Jaiotzen garenetik eman beharreko pausuen noranzkoa markatzen digute. Erlojuaren tik-tak frenetiko eta konstantearen erritmora bizirautera behartu. Txirrina jotzen duenetik berriz iratzargailua jotzerainoko bizi zurrunbiloan. Etengabe, buelta eta buelta. Norantz ordea?

Neoliberalismoaren aro berri honetan sistema kapitalista heteropatriarkalak gazteok prekarietate gordinean itotzen gaitu, gure bizitzetako eremu guztietan.

Jaiotzen garenetik zuhurtziaz diseinaturiko hezkuntza sistema inposatzen digute. Boteredunei men egingo dieten pertsona ideal hori heztera bidean eduki arrotz eta matxistak irentsarazten dizkigute. Gure artean lehiakortasuna sustatu eta indibidualismorako hezi. Haien makinaria guztiaren torloju nahi gaituzte.

Bai, merkaturako hezten gaituzte. Gazteria morroi bihurtzen duten lan-baldintza guztiz prekarioetarako, sistemaren esklabo izateko hezten gaituzte.

Funtsean, gazteok prekarietate gordinera kondenaturik gaude. BIZI prekarietatera. Bizitza proiektu duin bat garatzeko ezintasunera.

Algortako gazteon egoerak ere ezin zuen bestelakoa izan. Herri eredu elitista hau sustatzen duen Udalak markatzen ditu hein handi batean Algortako gazteon bizi koordenadak.

Lan eskaintza miserableetara kondenatzen gaituzte. Baldintza txarretan enpresa handien menpeko izatera, esperientzia ezaren aitzakiapean gure "ezjakintasunetik" ahalik eta probetxu gehien ateratzera. Inolako ziurtasunik eskaintzen ez duten kontratu usteletara kondenatzen gaituzte, udako lanaldi, kobratu gabeko praktikaldi edota beltzean kobratutako lan partikularretara.

Lan, zertarako baina? Etxebizitza eskubidea ere amets bat bihurtu da gure artean.

Alokairu estratosferikoek gazteon emantzipazio adina urtez urte atzeratu dute. Jenderik gabeko etxeetan ez da etxerik gabeko jenderik kabitzen.

Etengabe obratan dagoen herriak ez du gazteontzako herririk eraiki nahi. Gure herriko eremu publikoetatik ere bota nahi gaitu udalak, hauek interes pribatu batzuen mesedetara jartzeko noski. Getxo Antzokia bezalako makroproiektuetan dirutza inbertitzen duten bitartean, gazteoi ez digute miseria baino eskaintzen. Getxo Jazz eta halako kultura ereduaren atzean herriko musika taldeek ez dute proiektu hauek garatzeko oztoporik baino topatzen udalaren aldetik.

Gazteoi pazientzia agortu zaigu, ordea. Nazkatuta gaude. Nazkatuta gutxi batzuk gure kontura aberastu daitezen etengabe sakrifizioak egin behar izateaz. Honen errudunek izen-abizenak dituzte, Bruselatik hasi eta Getxoko Udaleraino. Bizirautera kondenatzen gaituztenen aurrean gure hautua argia da: guk Euskal Herrian era duinean lan, ikasi eta bizi nahi dugu, ez iraun. 

Bide horretan, dei egiten diogu Algortako gazteriari dinamika honetan parte hartzera. Erlojuaren orratzek koordinatzen bagaituzte, puskatu eta koordinatu dezagun elkarrekin orainaren borroka.

Gazteon oraina borrokan da!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun