Domekan hasiko da Getxoko Europako Mugikortasunaren Astea

Iker Rincon Moreno 2018ko ira. 14a, 14:03
Aurreko edizio bateko irudia, artxiboko irudian. © GETXOKO UDALA

Hainbat berrikuntza dakar Getxoko Europako Mugikortasun Astea aurten, hala nola ibilgailu jasangarrien erakusketa, "Mugi zaitez Getxotik" lehiaketa eta Cinecicletako kide bik Afrikan izandako esperientzien ikus-entzunezko proiekzioa.

Irailaren 16tik 22ra bitartean izango da Europako Mugikortasun Astea Getxon, eta aurtengo edizioa "Konbinatu eta mugi zaitez!" lema izango du.

Aurtengo helburua da pertsonak eta salgaiak hiritik mugitzean hainbat garraiobide erabiltzen direla sustatzea eta konbinatzea, eraginkortasuna, azkartasuna, aurrezpena eta jasangarritasuna areagotzeko. Zentzu horretan, aste hori aurkezteko ekitaldian, Ingurumeneko zinegotzia den José Luis Landak, honako hau adierazi du: "hiriguneetan mugitzeko aukera ugari ditugu, bai motordunak bai motorrik gabekoak, eta horiek partekatuak, publikoak edo bakarkakoak, tradizionalak edo berriak izan daitezke. Horien barruan daude bizikleta, garraio publikoa eta beste hainbat aldaera, adibidez, bizikleta partekatuak, taxiak, aurrez erreserbatutako anezkak eta partekatutako autoak". Azken finean, helburua da "aldatzea zuzenean autoa ibilbide laburrenetarako ere aukeratzeko mentalitate hori", azaldu du Landak. Horrela, denborari probetxua ateratzen zaio eta ariketa fisiko handiagoa egiten da (oinez edo bizikletaz mugitzen bagara), dirua aurrezten da eta ingurumena babesten laguntzen da.

Jardueren egitaraua

Aurtengo berrikuntzei dagokienez, irailaren 21etik 23ra ibilgailu jasangarrien erakusketa bat egongo da Kirol Portuko amarraduren pasealekuan. Hiru egunetan, 11:00etatik 20:00etara, auto-enpresek auto hibridoak, elektrikoak eta gasa erabiltzen dutenak erakutsiko dituzte, eta hala gura duenak horiek gidatzeko probak egin ahal izango ditu inguruan. Bizikleta elektrikoak ere egongo dira eta beste hainbat enpresa eta erakunde ere bertan izango dira, beste mugikortasun jasangarriaren arloko beste produktu eta zerbitzu batzuk ezagutzera emateko.

Asteak zehar, gainera, erakunde publikoak, instituzioak, enpresak eta sektoreko eragileak arituko dira mugikortasun jasangarriaren orainaz eta geroaz. Getxolanen egoitzan egingo da (Ogoño kalea, 1, Areeta), 11:00etatik aurrera.

Horrez gainera, "Mugi zaitez Getxotik" lehiaketak sariak eta dendetarako deskontu-txartelak zozkatuko ditu. Lehiaketa erronka bat egitean datza: irailaren 16aren eta 31ren artean 80 kilometro egin beharko dira garraio publikoan, 40 kilometro bizikletan edo 20 kilometro oinez. Horretarako, parte hartu gura dutenek Ciclogreen doako aplikazioa jaitsi beharko dute mugikorrera, alta eman beharko dute, eta beren joan-etorriak erregistratu beharko dituzte. Proposatutako erronka betetzen duena sartuko da opari erakargarrien zozketan. Gainera, parte hartzen dutenek ziklo edo puntu bat lortuko dute bizikletaz edo patinekaz egindako kilometro bakoitzeko, eta 4 ziklo oinez mugitzeagatik. Lortutako zikloak deskontuakaz aldatu ahal izango dira. Hemen kontsultatu daiteke produktuen katalogoa:www.mueveteporgetxo.com. Bertan egin daiteke izen-ematea, eta bertan ezagutu daiteke hobeto ekimen hori.

Gainera, "Konbinatu eta mugi zaitez" argazki-lehiaketa ere antolatu dute, eta hainbat sari emango dituzte. Parte hartu ahal izateko, bakoitzak argazki bana bidali beharko du bi garraiobide jasangarri erabiltzen: bizikleta, patinak, autobusa edo metroa.

Domekan, hilaren 16an, orientazio-ginkana bat egingo da udalerrian. Parte hartzaileek, mapa soil bat interpretatuta, nahitaezko kontrolguneetatik igaro beharko dute, eta gutxienez bi garraiobide jasangarri erabili beharko dituzte, nahitaez, edo oinez ibili beharko dira. Bizikleta bat zozkatuko da. Izena aurrez eman beharko da.

Hain zuzen, bizikletak ere izango du protagonismoa aste horretan zehar. Hilaren 17tik, astelehenetik, hilaren 21era, barikura, Txurruka kaian doako ikastaro bat emango da, egunean ordubetekoa, bizikletaz ibiltzen ikasi gura dutenentzat (adingabeak 8 urtetik gorakoak izan beharko dira, eta beren tamainako bizikleta bat eraman beharko dute. Helduei bizikleta utzi egingo zaie). Bi txanda egongo dira, aukeran: 18:00etatik 19:00etara eta 19:00etatik 20:00etara (izena aurrez eman beharko da).

Eguaztenean, hilaren 19an, Cinecletako bi kidek, ikus-entzunezko proiekzio baten laguntzaz, Afrikan izandako esperientzia kontatuko dute; bertan, bidaia bat egin zuten bizikletaz, zinema ibiltari bategaz, eta haregaz pelikulak, film laburrak eta dokumentalak proiektatu zituzten.  Igaro zituzten Afrikako herrixketan bezala, argindarrik ez zuten eta bertaratutakoen laguntza beharko dute argindarra pedalei eraginda lortzeko. Saioa 18:30ean izango da, Villamonteko kultur etxean.

Aurreko edizioetan bezala, bizikletak mantentzeko eta konpontzeko doako tailerra ere antolatu dute. Helduentzako tailerra eguenean, hilaren 20an, egingo da, 19:00etan, Algortako Mariandresena kaleko 1 zenbakiko Bici Bilbao tailerrean. Izena aurrez eman beharko da. 6 eta 16 urte arteko haurrentzako tailerra larunbatean, hilaren 22an, egingo da, 10:30etik 13:30era, Ingurumen Aretoan (informazioa eta izen-ematea hemen:info@ingurumenaretoagetxo.eusedo telefono honetan: 688 88 35 96).

"Nire kotxe barik" eguna, zapatuan

Mugikortasun Astearen beste berrikuntza bat da aurten kotxerik gabeko eguna zapatuan, hilaren 22an, egingo dela, domekan beharrean, orain arte egin izan den moduan. 8:00etatik 20:00etara, Algortako eta Areetako erdiguneetako hainbat kaletan trafikoa etengo da, herriko kirol klubek antolatuko dituzten jolas-jarduerak egiteko: puzgarriak, haurrentzako zirkuituak, bizikletak... 12:00etatik aurrera. Baimena emango zaie soilik kale horietan dauden garajeetatik irten behar duten ibilgailuei. Muga horiek ez diete eragingo garraiobide publikoei eta aurretik Udalaren baimena jaso duten bertako establezimenduen ibilgailuei (eskaerak: ingurugiroa@getxo.eus). Udalak eskatu du ibilgailuak kentzeko adierazitako kaleetatik, programatutako jarduerak ez oztopatzeko. Gune horietan aparkatutako ibilgailuak garabiak kenduko ditu.

Informazio gehiago hemen: www.getxo.eus y www.getxosostenible.com. Izen emateak hemen: semgetxo@gmail.com eta telefono honetan: 652 771 702.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun