Getxon egingo dute MTV Music Weeken kontzertuetako bat

Iker Rincon Moreno 2018ko ira. 18a, 17:56
MTV Music Week Bizkaia ekitaldiaren aurkezpenean izan da Imanol Landa Getxoko alkatea (ezkerretik bigarrena). © BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

MTVk gaur baieztatu duenaren arabera, urriaren 31n, eguaztenean, Algortako Portu Zaharrean egingo dute Music Week astearen kontzertuetako bat: 18:30etik 23:30era arte, Wolf Alice, Belako, La Casa Azul eta WAS taldeek joko dute; sarrera, doan (lekua bete arte). Lau mila lagunentzako tokia egongo da.

Music Week astea azaroaren 4an Bilbao Exhibition Centren (BEC) ospatuko diren EMA 2018 sarien aurreko astean iritsiko da Bizkaira eta pop-musika eta kultura ospatuko dituzten doako ekitaldiak egingo dira bertan. Urriaren 29tik azaroaren 3ra arte, Barakaldo, Durango, Getxo eta Bilboko eszenarioetatik 20 artista baino gehiago pasako dira; besteak beste, La Pegatina, Mala Rodríguez, Wolf Alice, Los Planetas edo Lori Meyers. Bestalde, gazteei euren ametsetako lanera hurbiltzen laguntzeko xedea duten ekitaldiak egingo dira. San Mames estadioan egingo den kontzertu jendetsuak amaiera emango dio lurraldeko biztanleentzako bakarrik pentsatu den asteari.

Pop-kultura eta MTVren fanen artista gustukoenak, lurraldean burutuko diren ekitaldiekin gozatu ahal izango dute. Horrela, Bizkaia, mundu mailako musika-panoramako erdigune bihurtuko da. Ekimenari amaiera emateko, harrera egingo diote MTV EMA sarien 25. urteurrenari. Sari horietan, urteko musika-arrakastak sarituko dituzten eta munduko artistarik garrantzitsuenen emanaldiak eskainiko dituzten 2018ko MTV EMA sarien ekitaldia egingo da azaroaren 4an Bilbao Exhibition Centre (BEC) erakustazokan eta zuzenean ikusi ahal izango dira MTVren kanalen eta plataforma digitalen bidez.

MTV Music Week Bizkaia ekitaldirako, MTVk bere fanak bezain anitzak izango diren ekintzak eskainiko ditu. Jai-mestizajea (Barakaldo) La Pegatina, Muchachito, Revolta Permanent eta Iseo & Dodosound taldeakaz; hirikoa eta femeninoa (Durangon) Mala Rodríguez, Nathy Peluso, Brisa Fenoy eta Aneguria artistakaz; Indie Rocka (Getxo) Wolf Alice, Belako, La Casa Azul eta WAS taldeakaz edo Lori Meyers(Bilbo); eta akustikoa (Bilbo) Los Planetas taldeagaz. Aipaturiko horiek izango dira kontzertuetara bertaratuko diren ikusleek dohainik gozatu ahal izango dituzten estiloak.

Azaroaren 2an, barikuan, MTV Breaks ekitaldia iritsiko da Azkuna Zentrora. Bertan, momentuko pertsona ospetsuen aholkurik onenakaz eta workshop interaktiboen edo sektorean adituak direnakaz antolaturiko eztabaiden bidez, gazteei sorkuntza-industriaren munduan profesionalki garatzeko ametsa betetzen lagundu gura zaie. Urtero, MTV Breaks ekitaldia MTV EMA sarietara batzen da Europako hiri berri batean barneratzeko. Bertako gazteen sorkuntza-ibilbide profesionaletarako aukera bakarrak eskaintzea da ekimenaren xedea. 

Eta musika protagonista izan duen astea ahalik eta hobekien ixteko, azaroaren 3an, zapatuan, San Mames estadioa hiru orduko zuzeneko musika saioetarako eszenario ezin hobea izango da eta nazioarteko zein nazio-mailako artistak izango dira bertan. Aurrerago ezagutuko ditugu azken horien inguruko xehetasun gehiago.

Musikarekiko maitasuna

MTV Music Week Bizkaia ekitaldiaren aurkezpenean izan dira Unai Rementeria ahaldun nagusia, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Amaia del Campo Barakaldoko alkatea, Aitziber Irigoras Durangoko alkatea, Imanol Landa Getxoko alkatea, Manuel Gil Viacom International Media Networks Spain erakundeko zuzendari nagusia eta konpainia honetako Laura Abril zuzendaria.

Imanol Landa Getxoko alkateak nabarmendu duenaren arabera, "MTV - EMA sariak eta Music Week ekitaldiak, Getxo eta Bizkaia, erreferente gisa kokatzen dituzte berriro ere Getxo eta Bizkaia, kasu honetan, musikaren esparruan". Bere berbetan, ekimen hori bat dator erabat nazioarteko aintzatespena daukaten jazz-, folk- edo blues-jaialdiak antolatuz orain arte kultura eta musikaren alde egin duten apustuagaz. Modu berean, Landak adierazi du Portu Zaharrean egingo den MTV Music Weeken kontzertuak, inplizituki, Getxoko eta bertako jendearen nortasun-zeinua aitortzen duela: "kultura eta musikarekiko duten maitasuna, kulturaren eta, zelan ez, musikaren proposamenak gozatu eta preziatzen dakien herria".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun