Serifalaris topagunearen helburua da diseinu grafikoari buruzko azken joeren berri ematea, bai eta proiektu arrakastatsuen adibideak eta kasuak erakustea ere. Horretarako, bertaratutakoen artean "networking" interesgarria sortzea aurreikusten da, eta hari esker, etorkizunean profesionalen artean lankidetza eta sinergia gehiago izan ahalko dira.
Gainera, elkartearen asmoa da diseinatzaileen eguneroko produktibitatea hobetzeko eskola praktikoak ematea eta prozesu eraginkorragoak erraztea, baita diseinatzaile grafikoen gaitasunak hobetzea ere.
Egitaraua
Azken edizioetan bezala, espainiar Estatuko 14 diseinatzaile grafiko ezagunek parte hartuko dute aurtengo egitarauan. Haien artean Enric Aguilera diseinatzaile grafiko katalana nabarmendu behar da. "Packaging"-en espezializatuta dago eta kontsumoko produktuen etiketen diseinuagatik da ezaguna. Beste parte-hartzaile interesgarri batzuk "Canadá"-ren arduradunak dira, artistentzako dokumentalak eta bideoklipak egiten dituzten ikus-entzunezko produktore eta zuzendarien kolektiboa. Aurten oihartzun handia lortu dute Rosalíari egindako bideoklipengatik; milioika lagun sartu dira Youtuben horiek ikusteko. Era berean, Olga Capdevillak, liburuen ilustratzaileak, bere lana azalduko du. Bestalde, Alvaro Sobrino diseinatzaile grafikoak eta kazetariak (Visual aldizkaria argitaratzen eta zuzentzen du) askotariko alderdien berri emango du. Diseinuaren eta pertsonen harremanari buruzko dibulgatzaile aparta da.
Azken hiru edizioetan gertatu zen bezala, elkarteak bi "infiltratu" sartu ditu egitarauan. Hizlari horiek parte-hartzaileen artean ezkutatuko dira hitzaldia hasten den unera bertara arte, eta beste 12 hizlariak ez bezala, ez dute zuzenean diseinuaren alorrean lan egiten.
Lau masterclass
Serifalarisen zazpigarren edizio honetan talde antolatzaileak lau eskola magistral (masterclass) prestatu ditu eta, horien bidez, diseinatzailearen eguneroko zereginari lotutako gaiak jorratuko dira; horrenbestez, parte-hartzaileek beren lanari lotutako beste gaitasun batzuk hobetu ahalko dituzte.
Aurten gai hauek jorratuko dira:
- "Kontzeptutik materialera. Diseinatu-inprimatu tandema" (Josep Amat eta Lluc Massaguer)
- "Briefing-etik irtenbidera" (Enric Aguilera)
- "Design Acctitudes. Marka berritzaileen bila" (Laura Clèries)
- "Bezerorik gabe diseinatzea"
Informazio gehiago eskuratzeko eta sarrerak erosteko: www.serifalaris.com